Exposito ez da Buruz Burukoaren final laurdenetera sailkatu

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00
Hodei Expositok galdu egin zuen igandean, Zumaian.

Final zortzirenetan 22-12 galdu zuen Eskirozen aurka igandean Zumaian.

Hodei Expositok ez du lortu, B serieko Buruz Buruko Txapelketan, final laurdenetarako txartela. Igandean, Zumaiako Aitzuri frontoian, 22-12 galdu zuen Josu Eskirozen aurka, final zortzirenetako kanporaketan. 

Final laurdenetan, Iker Salaberria goizuetarrak larunbatean eginen du debuta Iraitz Zubizarretaren aurka, Labriten. Zuzenean final laurdenetako ligaxkan ekingo dio goizuetarrak, joan den urtean finalista izanik.

Bestetik, Ekain Lizeagak binakako partidua galdu egin zuen, larunbatean Labriten, Agirrerekin batera, Larrazabal-Salaverri II.aren aurka (15-18).

 

Eñaut Lizeagak 22-10 irabazi zuen Master Kaiolan

Amorebietako Master Kaiola txapelketa entzutetsuan, 22 urtez azpikoen arteko norgehiagokan, Eñaut Lizeagak (Mundarro) lehen urratsa eman zuen txapelketa haundi bat egin ahal izateko. Koldo Bikandi (Olaburu) gainditu zuen 22-10eko emaitzarekin. Gipuzkoarra 5-0eko emaitzarekin hasi zen irabazten, eta aldea sendotzen joan zen. Bizkaitarrari ez zion aukerarik eman Lizeagak. Partiduaren bigarren zatian, lehiaren norabidea ez zen aldatu, eta erraz irabazi zuen astigartarrak. Hamahiru tanto egin zituen peloteoan, eta lau gehiago saketik. Maiatzaren 3an Aingeru Bernaolaren aurka jokatuko du final zortzirenetako partidua.

 

Grabnin garaipenak, Arabaren aurka

Grabni txapelketan ere jokatu dituzte partidu ugari, modalitate desberdinetan. Eñaut Lizeagak, gizonezkoen nagusien mailan, eskuz banaka, 7-22 irabazi zuen larunbatean Lakuan, Arabako Alonsoren aurka. Binaka, 22 urtez azpikoen mailan, Xabier Apaolaza hernaniarrak 9-22 lortu zuten garaipena, Landarekin batera.

Trinketean, Xabier Barandiaranek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen. Diaz de Heredia 22-40 garaitu zuen Astronomos trinketean. Jon Jarak ere, Maitenan, 7-40 garaitu zuen Cariñanos. 22 urtez azpikoetan, baina eskuz binaka, Unax Manterola hernaniarrak eta Sorondok 14-40 irabazi zuten, Otxoa de Ocariz eta Salazarren kontra. Porrot bakarra gazteen mailako binakakoan iritsi zen. 40-39 galdu zuten Iparragirrek eta Aimar Zabala astigartarrak, Ruiz de Alegria eta Riberaren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!