Izenematea martxan, bailarako bi mendi lasterketetan: Goizutrailen eta Ereñotzuko Mendi Lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 9a, 00:00
Ereñotzuko Unax Pagola semeak eta Anabel Balerdi amak elkarrekin osatu zuten etxeko mendi lasterketa iaz.

Maiatzaren 18an izango da Goizutrail, eta ekainaren 1ean Ereñotzuko Mendi Lasterketa. Bihar eguerdian irekiko dute izenemate epea Ereñotzuko Mendi Lasterketan, eta dagoeneko zabalik dago Goizutrailen.

Bi asteko tartearekin izango dira aurten Urumea bailarako bi mendi lasterketak: Goizutrail maiatzaren 18an, eta Ereñotzuko Mendi Lasterketa ekainaren 1ean. Beraz, aukera ederra izango dute bailarako mendi korrikalariek, beste behin, bi lasterketak sasoi punturik onenean egiteko.

Goizutrail izango da aurrenekoa, maiatzeko hirugarren larunbatean; eta ibilbide berria izango du aurten. Ibilbide laburra (10,5 kilometro) orain arteko berbera izango da, Eneko Elorrira iritsita; baina ibilbide luzea (26 kilometro) aldatu egin dute. Orain arte, ibilbide laburra osatu, eta herrira bueltatuta, Mandoegirako bidea hartzen zuten, bigarren buelta bat egiteko. Aurten, aldiz, Eneko Elorritik aurrera jarraituko dute, Arainburuko tontorrera iritsi arte, bertatik Beltzuntzara joan eta Goizuetara bueltatzeko. Izenematea zabalik dago, herrikrosa.eus atarian: lasterketa luzerako 23 euro, eta laburrerako 18 euro. Goizuetarrek 5 euroko deskontua izango dute bietan. Gainera, lasterketa laburra binaka egiteko aukera ere izango da, ibilbidea elkarrekin osatuta.

 

Ereñotzuko Mendi Lasterketarako izenematea, bihartik aurrera zabalik

Bi aste beranduago izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, ekainaren 1ean, larunbatez. Ohiko ibilbidea izango du probak, 11,75 kilometrokoa: Akolan eta Igorinen barrena osatuko dute aurreneko zatia, eta Malbazarretik iritsiko dira Urdaburura, Ereñotzura bueltan jaitsiera azkarra egin aurretik.

Bihar bertan zabalduko dute izenemate epea, eguerdiko 12:00etan. Aurreko urteetan bezala, rockthesport.com atarian egin beharko da, 18 euroan.

Helduen lasterketaren aurretik, haurrena ere izango da, ohi bezala, auzoan barrena ibilbide laburra osatuta.

 

Anartz Artola 23garren, Calamorro Skyrace lasterketan

Joan den asteburuan, bestalde, Andaluzian aritu da Anartz Artola hernaniarra, Euskal Selekzioarekin, maila haundiko mendi lasterketa batean: Calamorro Skyrace (27 kilometro), Skyrunning Munduko Koparako puntuagarria. Lasterketa «gorabeheratsua» izan zuen Artolak, baina 23garren postua lortu zuen, 2:53:57 denborarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!