Algaraka bakarrizketa lehiaketan izena emateko aukera, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 8a, 00:00

Apirilaren 19ra arte izango da apuntatzeko epea. Lehiaketa maiatzean zehar jokatuko dute. 

Maiatzean egingo da 'Algaraka', Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa. Jardun euskara elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak antolatu dute txapelketa, eta publikoarentzat irekiak izango diren lau saiotan gauzatuko da. Saioak Bergaran, Urretxun eta Zumaian izango dira. 

Parte hartu nahi dutenentzat zabalik dago izena emateko epea, apirilaren 19ra arte. Horretarako, 2-3 minutuko bideo bat bidali behar da komunikazioa@algaraka.eus helbidera. Bertan jasotzen dituzten bideoen artean, 11 bakarrizketari hautatuko ditu epaimahaiak (Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Josu Zubia kulturgilea eta Potx pailazoa eta Aner Peritz bertsolaria eta sortzailea), eta 12. lehiakidea publikoak aukeratuko du. Hautatuak diren bakarrizketariek 6-8 minutuko bakarrizketa egin beharko dute kanporaketan. 

Lehiaketako lehenengo hiru sailkatuek sari eder bana jasoko dute, eta publikoak ere faborito bat saritzeko aukera izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!