Mobilizazioak apirilean, Leitzaldean pediatria zerbitzua berrezartzea eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00

'Leitzaldean pediatria orain' ekimena jarri dute martxan, eta deialdiak egin dituzte: Goizuetan elkarretaratzea eginen dute apirilaren 12an.

Urtarrilaren erdialdetik, pediatrarik ez dago Leitzako Osasun Etxean, ez baitute ordezkorik jarri. Hori horrela, pediatria zerbitzurik gabe daude Aranoko, Goizuetako, Aresoko eta Leitzako haur eta gaztetxoak, eta Iruñera bideratu dituzte pediatra batek aztertu beharreko kasuak. Bertara iristeko, 70 kilometro inguru egin behar dituzte goizuetarrek, eta 90 kilometro inguru aranoarrek.

Egoera horren aurrean, hainbat gurasok bat egin eta 'Leitzaldean pediatria orain' ekimena jarri dute martxan, «seme-alaben osasunerako eskubidea» bermatzea eskatzeko. Izan ere, diote Osasunbideak emandako konponbidea ez dela nahikoa, eta ez dutela osasun arreta duinik: «Eskaini diguten konponbidea onartezina da, ez duelako bermatzen haurrek behar bezalako arreta jasotzea; eta arazoa kronifikatzea dakar». Gainera, salatu dute Iruñean pediatra ezberdin batek artatzen dituela aldiro, larrialdi zerbitzuetatik bideratzen dituztelako: «Haurra artatzen dute, dagokion botika errezetatzen diote, eta etxera. Hor bukatzen da osasun arreta». Eta ohartarazi dute, joan-etorri horiek «arriskua, denbora, distantzia eta gastua» dakarkitela.

Mobilizazioak herrietan eta Iruñean bertan

Beraien salaketak eta aldarrika­penak kalera aterako dituzte da­tozen asteotan, hainbat mobilizazio antolatuta. Datorren os­tiralean izanen dira aurrenekoak, apirilaren 12an. Goizuetan, Leitzan eta Areson eginen dituzte elkarretaratzeak, arratsaldeko 18:30etan hasita.

Ondoren, apirilaren 15erako jarri dute hurrengo hitzordua, asteazkenez. Egun horretan, Iru­ñeara joango dira, eta Vianako Printzea egoitzaren aurrean eginen dute elkarretaratzea, goizeko 11:00etan. Eta azkenik, apirilaren 27an elkartuko dira Leitzako plazan, larunbatez. Taldeko argazki erraldoia aterako dute bertan, goizeko 11:30etan.

Herritar guztiei luzatu diete deia antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko, «kontuan hartuta ez dela bermatzen esku­aldeko biztanle askoren oinarrizko osasunerako eskubidea». Adierazi dutenez, Goizueta, Arano, Areso eta Leitzako 596 haur dira pediatria zerbitzu hori dagokien osasun zentroan jasotzen ez dutenak. Gainera, Larraun-Lekunberri eskualdeari ere eragiten dio, Leitzako pediatrak astean zenbait orduz artatu ohi dituelako Lekunberriko osasun zentroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!