Hernaniko neskek Añorgaren aurka jokatuko dute gaur, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00
Zubipen bi partidu jokatuko dira gaur.

16:00etan hasiko da Euskal Ligako partidua. Liga Nazionaleko mutil jubenilen txanda izango da 11:30etan.

Asteburu honetan, Gipuzkoako leiaketetan ez da partidurik jokatuko, eta talde guztiak atsedena izango dute, bigarren asteburuz jarraian. Baina badira bi talde, lanera bueltatuko direnak. Alde batetik, Euskal Ligako nesken taldeak 28garren jardunaldiko partidua jokatuko du. Derbi bezala hartu daiteke gaur, 16:00etatik aurrera, Zubipen jokatuko den Añorga Bren aurkako partidua. 

Hernaniren eta Añorgaren artean beti izan da erlazio oso estua futbolean eta arlo ezberdinetan. Bizilagunek historia luzea dute nesken futbolean, eta Espainiako talde onena ere izan zen 90eko hamarkadan. Añorgako bigarren taldearen aurka lehiatuko da Hernani. Etxekoak dira faborito, seigarren postuan daude sailkatuta; eta añorgarrak berriz hamalaugarren dira. 

 

Liga Nazionaleko mutil jubenilak, Aurrera de Vitoriaren aurka

Bigarren partidu bat ere izango da gaur Zubipen. Goizeko 11:30etan hasita, Hernaniko Liga Nazionaleko mutil jubenilen taldea Aurrera de Vitoriaren aurka lehiatuko da. Partidu garrantzitsua izango da 28garren jardunaldiko hau. Azkenaldian maila ona erakutsi dute hernaniarrek, eta azkeneko postuetatik aldendu dira. Hala ere, arriskua ez dute guztiz uxatu, eta gaur hiru puntuak lortzeak pausu ia erabakiorra ekarriko luke.

Aurrera de Vitoria talde lehiakorra da. Sailkapenaren erdian daude sailkatuta, bederatzigarren, 38 punturekin. Hernanik 30 puntu ditu, 13garren postuan, eta Getxo azkenaurrekoak 28 puntu ditu, jaitsiera postuen langa markatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!