Gipuzkoako '10 bitxiak' sarietan bozka emateko aukera, herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00
2019an Eukene arropadenda izan zen Buruntzaldeako 'bitxia'.

Probintziako hamar denda nabarmenenak sarituko dituzte eskualde bakoitzeko, herritarren bozkekin. Herritarrek bozka emateko aukera apirilaren 18ra arte izango dute eta herritar bakoitzak boto bat eman dezakeela azaldu dute antolatzaileek.

Gipuzkoako Bazkundeak Gipuzkoako Merkataritza-Enpresa Sarien 30. edizioko hautagaiak aurkezteko epeak ireki ditu. Hiru kategoria daude: batetik, 10 bitxiak saria; bestetik, 2024ko Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria; eta azkenik, Ingurumenarekiko Iraunkorra den Enpresa 2024 saria. 10 bitxiak sariko hautagaitzak aurkezteko epea dagoeneko itxita dago, aldiz, beste bi sarietan, apirilaren 11ra arte aurkeztu daitezke hautagaitzak, eguerdiko 13:30ak arte. 

10 bitxiak, aski ezaguna egin da azken urteotan  Urumea bailaran, izan ere, probintziako hamar denda nabarmenenak saritzen dituzte eskualde bakoitzeko, eta Beterri-Buruntzakoa, Hernanin banatu zen, besteak beste, 2013, 2014, 2016, eta  2019garren urteetan. 2013an Astigarragako Mamen janari dendak jaso zuen; 2015garrenean Ikusi-Makusi dendak, 2016garren urtean Ibai Mendik jaso zuen 10 bitxiak saria eta 2019an, berriz, Eukene jantzidenda eskualdeko bitxi gisara izendatu zuten. 2013an beste merkatarien bozkekin hautatzen zen saritua, eta aldiz, 2021garren urtetik aurrera 10 bitxiak saria herritarren bozka bidez aukeratzen da. 

2017garren urteko '10 bitxiak' sariketako talde argazkia, sarituekin, tartean Hernaniko Hiru denda.

 

Herritar bakoitza boto bat emateko gaituta dagoela azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak. Boto hori, berak aukeratutako bere eskualdeko saltokiari eman ahal izango dio, eta horretarako, Gipuzkoako Bazkundearen atarian sartu beharko du, ondorengo estekan hain zuzen: https://cutt.ly/Ww8wYvux. Bozka emateko aukera dagoeneko irekita dago, eta 18ra arte egongo da ataria irekita, eguerdiko 13:30ak arte.

Gipuzkoako Bazkundeak gipuzkoarrak gonbidatu ditu eskualdean gehien nabarmentzen den merkataritza aukeratzera. Bazkundeak «gertuko merkataritzaren balioak nabarmentzeko eta hurbileko merkataritzak bezeroari ematen dion balioa azpimarratzeko» asmoz irekitzen du urtero herritarren bozketa prozesua. Izan ere, modu honetara, «hain hurbil dagoen denda eta merkatari horri bultzada txiki bat eman nahi zaio, bere arreta, aholku edo gustu onarekin liluratu eta maitemintzen gaituena», azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak. 

10 bitxiak sariaz gain, beste bi sari banatuko ditu; batetik dago, 'Gipuzkoa Merkataritza Enpresa' saria. Honek saritzen du merkataritza-sektorean garrantzi berezia eta gizarte gipuzkoarrarentzako eredugarria den modelo eta testigantza duen enpresa. Eta bestetik dago, 'Ingurumenarekiko iraunkorra den enpresa' saria. Eta honako hauek sarituko ditu: energetikoki iraunkorragoa den negozio-eredu bat garatu duen enpresa: argiztapen eraginkorragoa ezarri, edota autokontsumoaren bidez energia berriztagarriak erabiltzea, eta/edo mugikortasun jasangarria ezarri izana, etab. Baita bezeroak sentsibilizatzea ere: energia berriztagarriak sustatzeko, edota 0 kilometroko produktuak erosi eta saltzeko, edota ekonomia zirkularra sustatzen duten ekintzak edo ingurumen-inpaktu txikiagoa eragiten laguntzen duten beste batzuk.

Sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 24an egingo dute, Eusko Jaurlaritza, Alzola, Kutxabank eta Ukabi- Wolters Kluwerren babespean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!