Desgaitasunen bat dutenentzako bost bidaia antolatu ditu Elkartuk

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 5a, 00:00
Saloura 15 eguneko bi bidaia egingo dituzte, ekainean eta uztailean.

Ekainetik urrira bitarte, Asturias, Salou, Calpe eta Kanaria Haundia ezagutzeko aukera izango dute.

Beste urte batez, desgaitasunen bat duten pertsonentzako bidaiak antolatu ditu Elkartu federazioak, Elkarbidean programaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin lankidetzan. Programa horrekin, helburua da bermatzea desgaitasunen bat dutenen aisialdirako eskubidea.

Horrela, hainbat bidaia prestatu ohi dituzte, desgaitasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzenduta. Aurten, iaz bezalaxe, bost bidaia antolatu dituzte, ekainean hasi eta urrira bitarte. Asturiasera egingo dute aurreneko bidaia, ekainaren 7tik 13ra. Hurrengo biak, berriz, Saloura egingo dituzte: ekainaren 16tik 30era, eta uztailaren 6tik 20ra. Kanaria Haundira joango dira abuztuan, hilaren 17tik 26era. Eta azkenik, Calpera egingo dute bidaia, irailaren 22tik urriaren 6ra.

Pertsona horiek modurik egokienean bidaiatu dezaten, eskaintzen dizkiete egonaldi, garraio eta jarduera irisgarriak, baliabide pertsonaletara egokitutako prezioak, eta beharrezko laguntza pertsonal eta teknikoa.

Bidaia horietan parte hartzeko, lehentasuna izango dute desgaitasun maila haundiagoa dutenek, eta mugikortasun murriztua edota behar bereziko egoerak dituztenek, diru-sarrera urriak adibidez.

Apirilaren 26ra bitarte eman daiteke izena programan, eta ho­rretarako, Elkarturen bulegora (Ondarreta pasealekua 5, Donostia) jo dezakete interesatuek, 943 31 67 70 telefonora deitu, edota el­kar­tu@elkartu.org helbide elek­tronikora idatzi. Internet bidez ere egin daiteke, elkartu.org webgunean. Bide horiek erabili daitezke, era berean, programari buruzko xehetasunak ezagutzeko: nork eman dezakeen izena, baldintzak, prezioen taula...

Joan den urtean, beste bost bidaia antolatu zituen Elkartuk, eta parte hartu zuten desgaitasunen bat zuten 66 lagunek, 48 laguntzaile propiok, eta Elkartuk jarritako 22 laguntzailek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!