Buruz Burukoa jokatuko dute Expositok eta Salaberriak, B seriean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 5a, 00:00
Iker Salaberria, Binakako Txapelketaren partidu batean. Argazkia: Aspe Pelota

Txapelketaren final zortzirenetan ekingo dio astigartarrak etzi, eta final laurdenetan sartuko da goizuetarra.

Gaur bertan hasiko da Buruz Buruko Txapelketa, profesional mailako bi kategorietan. Eta B seriekoan, ez dute hutsik egingo Iker Salaberria goizuetarrak eta Hodei Exposito astigartarrak. Txapelketaren 12 partehartzaileen artean izango dira biak.

Igande honetan ekingo dio Expositok, final zortzirenetako partiduarekin. Zumaian jokatuko du astigartarrak, eta Josu Eskiroz makirriaindarra izango du aurrez aurre. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia Aitzuri frontoian.

Final zortzirenetako beste hi­ru kanporaketa ere jokatuko dira B seriean, baina ez da horietan ariko Salaberria. Izan ere, joan den urtean finalista izanik, zuzenean final laurdenetako ligaxkan ekingo dio goizuetarrak.

Fase horretan, bi multzotan banatuta ariko dira zortzi pelotari: zuzenean sailkatutako lauak (Salaberria, Asier Agirre, Julen Egiguren eta Iker Larrazabal), eta final zortzirenetatik aurrera egingo dutenak. Pelotari bakoitzak hiru partidu jokatu beharko ditu, multzo bereko hiru kontrarioen aurka; eta multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira semifinaletara.

Salaberriak Iruñeko Labriten egingo du debuta txapelketan, apirilaren 13an; baina asteburu honetan jakingo du noren kontra, final zortzirenetako emaitzen arabera. Expositok jokatuko duenaz gain, honakoak dira beste hiru kanporaketak: Iraitz Zubizarreta, Unai Alberdiren kontra; Unai Mata, Joseba Aldaberen kontra; eta Arkaitz Eskuza, Beñat Senarren kontra.

 

Ekain Lizeaga bihar, Labriten

Ez du Buruz Burukoa jokatuko Ekain Lizeaga astigartarrak, baina partiduen martxarekin jarraituko du. Iruñeko Labriten ariko da bihar, 17:15etan, Asier Agirrerekin batera, Iker Larrazabalen eta Iker Elizegiren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!