Datorren astean hasiko da 2023ko errenta aitorpenaren kanpaina, eta hiru hilabetez luzatuko da, ekainaren bukaerara edota uztailaren hasierara bitarte, lurraldearen arabera.
Nafarroan, apirilaren 9an zabalduko dute aitorpenak egin eta aurkezteko epea, ekainaren 27ra arte; eta ohi bezala, aukera izango da internet bidez, aurrez aurre edota telefono bidezko laguntzarekin egiteko. Modalitate bakoitzeko data zehatzak ez dituzte jakinarazi oraindik.
Gipuzkoan, aldiz, apirilaren 11n hasiko da errenta aitorpena internet bidez egiteko epea. Aurrez aurre egin nahi duenak, berriz, apirilaren 12tik aurrera eskatu ahal izango du hitzordua, eta hilaren 16tik aurrera egin ahal izango da aitorpena bulegoetan. Bi kasuetan, uztailaren 1ean bukatuko da errenta aitorpena aurkezteko epea.
Edonola ere, herritar askok jasoko dute autolikidazio proposamena, ogasunaren eskutik. Gipuzkoarren kasuan, atzotik kontsultatu dezakete, gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta atarian; eta proposamenarekin ados egonez gero, apirilaren 8tik aurrera onartu ahal izango dute. Nafarrek ere, datozen egunetan kontsultatu ahal izango dute proposamenik jaso ote duten, navarra.es/eu/ogasuna atarian.