«Harrera familia asko» falta direla ohartarazi du Oporrak Bakean programak, kanpaina bukatzear dela

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 4a, 00:00
2019an Hernanira etorritako haur sahararrak, agurrean.

Apirilaren 15ean bukatuko da harrera familiak biltzeko kanpaina, eta behar dituzten 300 familietara iristetik oso urruti daudela nabarmendu dute, haur errefuxiatu sahararrei uda Euskal Herrian igarotzea ahalbidetzeko.

300 haur errefuxiatu saharar hartu nahi ditu Oporrak Bakean programak, uda honetan, Euskal Herrian. Eta horretarako, beste horrenbeste harrera familia behar ditu. Otsailean zabaldu zuten deialdia, eta apirilaren 15ean bukatuko da familiek izena emateko epea. Kanpaina bukatzear dela, kezkatuta agertu dira programaren arduradunak: «Kanpaina bukatzeko egun gutxi falta diren honetan, helburua betetzeko harrera familia asko falta zaizkigu», ohartarazi dute.

Hori horrela, Euskal Herriko familiei luzatu diete deia, programarekin bat egin eta harrera familia gisa izena emateko. Zenbait bide dauzkate horretarako: oporrakbakean.eus webgunearen bitartez apuntatu, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikora idatzi, edo 696 014 786 telefonora deitu.

Hernanin, Udalaren bitartez egin daiteke izenematea zuzenean, apirilaren 15era bitartean: 943 33 70 17 telefonora deituta, lankidetza@hernani.eus helbide­ra idatzita, eta Kulturarteko Pla­za Feministara bertaratuta. Gainera, hernaniarren kasuan, Udalak hartzen ditu bere gain bidaiaren gastuak, eta udaleku irekietako zerbitzua doan eskaintzen die goizero, bi hilabete horietan zehar.

38garren edizioa du Oporrak Bakean programak, eta urtero ematen diete aukera, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei, «Saharako gatazka politikoa ahaztu, osasuna indartu eta beste errealitateak ezagutzeko». Bi hilabetez egoten dira Euskal Herrian, bertako familietan aterpe hartuta; eta egonaldi horrek mesede egiten die.

 

Pandemiaren aurreko kopuruetara itzultzeko nahia

Aurrerapauso bat eman nahi izan du Oporrak Bakean programak aurten, eta «harrera familia kopuruak dexente gora egitea», pandemiaren aurreko kopuruetara iristeko, Saharako errefuxiatuen kanpamenduko 300 haurri harrera emanez. Izan ere, pandemian eten egin zen programa, eta horren ondoren, 153 haur ekarri zituzten 2022an, eta 183 haur 2023an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!