Ez du Urumea bailarara bisitarik egingo, aurtengoan, gizonezkoen Euskal Herriko Itzuliko tropelak. Baina ez da oso aparte ibiliko biharkoan, hirugarren etapa jokoan dela: Basakabiko gainetik pasako da, Doneztebetik Leitzarako bidean, Goizuetatik gertu.
Tropel horretan izango dira bailarako bi txirrindulari: Enekoitz Azparren eta Xabier Mikel Azparren astigartarrak. Euskaltel-Euskadiren maillot laranjarekin ariko da lehenengoa, eta Q36.5 taldearen grix eta horiarekin bigarrena.
Atzo hasi zen Itzulia Irunen, 10 kilometroko erlojupeko laburrarekin; eta Primoz Roglic esloveniarra izan zen garaile, 12:34 denborarekin. Xabier Mikel Azparren 52garren izan zen, 13:22 denborarekin; eta Enekoitz Azparren 117garren, 13:52 denbora eginda. Martxoaren 14an, GP Denain lasterketan eroriko gogorra izan zuen Xabier Mikel Azparrenek, eta joan den larunbatean itzuli zen lehiara, Miguel Indurain Sari Nagusian. Eguneko ihesaldian sartu zen Lizarrako proban. «Pozik» bukatu zuen erlojupekoa atzo, «espero baino hobeto»; eta egunez egun gorputzaldi hobea izatea espero du. Ihesaldietan bilatuko du protagonismoa berriro, Enekoitz anaiak bezalaxe. Etapa gorabeheratsuenak izango ditu bere mesedetan Enekoitzek.
Bigarren etapa Irundik bertatik abiatuko da gaur, eta Kanbon bukatuko da, 160 kilometroko ibilbidea osatuta. Biharkoa, bailaratik gertu pasako dena, Ezpeletan hasi eta Altsasun bukatuko dute, 191 kilometro eginda. Arratsaldeko 14:10ak aldera pasako da Basakabi gainetik. Larunbatean bukatuko da Itzulia Eibarren, sei etaparen ondoren.