Mendi lasterketen Espainiako Txapelketa lehiatu zuen Hodei Lujanbio goizuetarrak, martxoko bigarren asteburuan, Murtzian. Eta handik bueltan, bere sasoi-puntu gozoena aurkitu duela esan liteke. Izan ere, ordutik garaipen bana lortu du goizuetarrak astero, martxoko hilabete bikaina borobiltzeko.
Beasaingo Arriaran auzoan jantzi zuen txapela aurrena, martxoaren 16an. Arriarango Mendi Lasterketa lehiatu zuen bertan, 23 kilometrokoa, eta garaipen haundia lortu zuen: lasterketaren erdialdera arte bosgarren postuan eutsi ondoren, gozatu egin zuen probaren bigarren zatiaz, eta postuz postu egin zuen aurrera, lasterketa buru izateraino. 1:51:47 denborarekin nagusitu zen, Josu Urrestarazu idiazabaldarraren (1:52:28) eta Asier Azkarate arrasatearraren (1:54:20) aurretik.
Are luzeagoa izan zen hurrengo asteburuan irabazi zuen proba, Talaia Bidea ezaguna: 30,8 kilometro, Donostiatik Hondarribiara. Goizuetarrak Ulian gora egin zuen ihes Hassan Ait Chaou villabonarrarekin, eta Jaizkibelen utzi zuen atzean iheskidea, helmugara bakarrik iristeko (2:16:58) eta bigarren txapela janzteko. Ait Chaou bera izan zen bigarren (2:17:43), eta Urko Arizeta asteasuarra hirugarren (2:21:38). Gainera, proba bikaina osatu zuen Jon Ander Olazabal hernaniarrak ere, eta bederatzigarren izan zen helmugan (2:30:58).
Eta hirugarren garaipena, Argedas herrian lortu zuen Lujanbiok, martxoaren 29an, Trail a la Virgen del Yugo proba irabazita. 22 kilometroko lasterketa azkarrean, jaun eta jabe izan zen goizuetarra (1:28:44), Jon Zabalegui atarrabiarraren (1:32:56) eta Yelko Pardiñas iruindarraren (1:36:21) aurretik.
Bi egun beranduago, herenegun, beste lasterketa bat ere osatu zuen goizuetarrak, Lapurdin: Sara Korrika, 22 kilometroko proba, martxoko azkeneko egunean. Horretan ezin izan zuen garaipena lortu, ezta beste behin podiumera igo ere, baina bikain aritu zen berriro, laugarren bukatuta, 2:08:41 denborarekin.