Finalerdiak osatzeko bikote bakarra falta da

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 1a, 00:00

Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalerdia ezagutu da eta Irazu eta Zaldua izango dituzte aurkari, Gurrutxagak eta Aiestaranek.

Berria Erremonte Txapelketako lehenengo finalerdia ezagutu zen larunbatean Galarretan. Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak, Irazuren eta Zalduaren aurka jokatuko dute finalerdi bat, datorren apirilaren 13an. Jabalera eta Goikoetxea IV.a ere finalerdietara sailkatuta daude, baina aurkariak nortzuk izango diren zain daude. Azkenengo jardunaldian, apirilaren 6an, erabakiko da azken semifinalista, Zubiri-Arluziaga bikotearen eta Zaldua II.a-Eskudero bikotearen arteko norgehiagokan.

Galarretan larunbatean Berria Erremonte Txapelketako bi partidu jokatu ziren. Lehenengoan erabaki zen A taldeko bigarren sailkatua. Irazuk eta Zalduak, Susperregi eta Apezetxea goizuetarra 2-0 (15-11 eta 15-12) gainditu zituzten eta modu horretan garaileek lau punturekin amaitu dute ligaxka eta galtzaileak, puntu bakarrarekin kanporatuak izan dira. A talde honetan Jabalera eta Goikoetxea VI.a izan dira jaun eta jabe bi partiduak irabazi eta gero.

Jaialdia B taldeko partiduak itxi zuen. Bertan, Arluziaga hernaniarrak eta Zubiri goizuetarrak osatzen duten bikotearen debuta izan zen, baina ezin izan zuten irabazi. Gurrutxagak eta Goikoetxea VI.ak 2-0 (15-11 eta 15-9) lortu zuten garaipena. Goikoetxeak, Aiestaran ordezkatu zuen hernaniarraren belauneko lesio baten ondorioz. Modu honetan, Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak B taldeko lidertzan amaitu dute ligaxka zortzi punturekin, bi partiduak erraz irabazi eta gero. Bigarren postua apirilaren 6an erabakiko da. Zubiri-Arluziaga bikotearen eta Zaldua II.a-Eskudero bikotearen arteko irabazlea izango da finalerdian, Jabaleraren eta Goikoetxearen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!