Etxegura, etxebizitza burujabe taldea

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 31a, 00:00

Hernani Burujabe proiektuaren parte gara. Hernaniko etxebizitzaren errealitateaz kezkatuta dagoen herritar talde bat gara. Taldean etxebizitza eskubidearen defentsan eragile sozialak (Stop Deshaucios, Amher, Pentsionistak) nahiz norbanako batzuk parte hartzen dugu.

Hernani Burujaberen filosofiarekin bat egiten dugu eta konbentzituta gaude erantzun komunitario baten beharraz eta indarraz. Horregatik denbora bat daramagu herrian ditugun etxebizitza arazo larriei irtenbideak bilatzeko asmotan.

Egindako lan horren ondorioz etxe hutsen kanpaina salaketa bat hasi gara. Nola da posible Hernanin 849 etxe-huts egotea etxebizitzaren beharra izugarria denean? Nola egin dezakegu egoera honi buelta emateko?

Etxebizitzaren gaiarekin zerikusia duten erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek) adierazi dute hori konpontzeko prest daudela, baina Hernaniko errealitateak gezurtatu egiten ditu.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboa ez da betetzen.

Etxebizitzak merkatuaren logikak baino ez ditu arautzen.

Kolektibo batzuek ezin dute etxebizitza bat eskuratu (gazteak, ama bakarreko familiak, pertsona migratuak,...).

849 etxebizitza hutsik egoteak eragin negatiboa du prezioan eta alokairuko etxebizitzen disponibilidadean arrazoizko prezioan.

Beraz, hainbeste jende etxebizitzarik gabe, etxe huts bat baduzu, animatu alokatzera.

 

Txaro Untzilla 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!