Gaur egingo dute debuta Arluziagak eta Zubirik, Berria Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 29a, 00:00

Jaialdiko hirugarren partidua izango da Zubirirena eta Arluziagarena.

Gurrutxagaren eta Aiestaran VI.aren aurka arituko dira jaialdiko azken partiduan. 

Jaialdi erakargarria izango da gaur arratsaldean Galarretan. Berria Txapelketako bi partidu jokatuko dituzte arratsaldeko 16:30etatik aurrera, eta goi mailako hirugarren partidu batek osatuko du kartela. 

Berria Txapelketako partiduen artean, bailarako erremontariz jositakoa izango da B multzokoa. Mattin Arluziaga hernaniarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak debuta egingo dute txapelketan, eta aurrean izango dituzte Gurrutxaga eta Aiestaran VI hernaniarra. Multzo honetako bigarren partidua izango da, eta Gurrutxaga-Aiestaran VI bikoteak finalerdietarako txartela lortzeko aukera izango du. Ordea, Arluziagak eta Zubirik garaipena lortu ezkero, hirugarren jardunaldian erabakiko litzateke bikote bakoitzaren postua. 

A multzoko partiduari dagokionez, Irazu eta Zaldua Susperregiren eta Apezetxea goizuetarraren aurka arituko dira. Kasu honetan, multzoko hirugarren partidua denez, galtzen duen bikotearentzat bertan amaituko da Berria Txapelketako ibilbidea. 

Maila haundiko partidua jokatuko dute tartean

Berria Txapelketakoak izango dira jaialdiko lehenengo eta hirugarren partiduak. Tartean, maila haundiko norgehiagokak osatuko du gaurko kartela: Ansa II.a eta Martirena Ezkurraren eta Larrañagaren aurka arituko dira. 

Jaialdirako sarrerak ohiko bideetatik eskuratu ahal izango dira; info@oriamendi.eus helbide elektronikora idatzita edo egunean bertan Galarretako leihatilan erosita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!