Trikuharriak eta saroiak ikusteko ibilaldi gidatua antolatu da Luis Mari Zalduarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 27a, 00:00

Luis Mari Zalduak emango ditu azalpenak.

Megalitoak, artamugarriak, zilegimendiak eta leku izenak bisitatuko dituzte larunbatean 10:00etan, Larregaingo aparkalekutik abiatuta.

Hernaniko trikuharriak eta saroiak ikusteko ibilaldi gidatua antolatu du Gipuzkoako Parketxe Sareak, larunbatean martxoaren 30ean, Luis Mari Zaldua Etxaberekin. Gipuzkoako trikuharri ederrenetako bat Hernanin dago, Saratsetako lepoan egon ere. Bestalde, lurraldean saroiak ederkien gorde diren tokietako bat Akola-Alkatxurain-Larregain ingurua da.

Horregatik bakarrik merezi du alderdi horretara bisita egitea. Hori gutxi balitz, eremu horretako zati bat Aiako Harria natura-parkearen barruan dago. Esparru hori guztia behinolako Urumeako zilegimendietan dago. Beraz, ondarez jositako kultur paisaia zoragarri eta zirraragarri bat da.

Ibilaldia Larregain baserriaren (sagardotegiaren) aurrean dagoen aparkalekutik hasiko da goizeko 10:00etan. Akola arteko bidea erraza da eta ikusmira ezin hobea, behinolako Urumeako zilegimendiek hartzen zuten lurralde gehiena ikus baitaiteke.

 

Izena eman behar da, 6 euroko prezioa du eta gutxieneko adina 14 urtekoa da

Zergatik dira garrantzitsuak trikuharriak eta saroiak? Zer adierazten dute? Ba ote da harremanik bien artean? Hori jakin nahi duenak larunbat honetan du aukera Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak antolatu duen txangora.

Esan bezala, abiapuntua Larregaingo aparkalekua izango da. Jarduera eguerdiko 13:00ak aldera amaituko da, toki berean. Prezioa 6 euro dira eta izena ematea ezinbestekoa da. 

Parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da. Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko aukera ezberdinak daude: 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deitu daiteke, arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora idatzi edota www.gipuzkoanatura.eus webgunean izena eman daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!