Gai-zerrenda luzeak, biharko Plenoetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 25a, 00:00

Ohi bezala, 18:00etan izango da Hernaniko Udaleko Plenoa, eta 19:00etan bilduko da Astigarragako Udalekoa.

Bihar bilduko dira, hileko azken astearteroko deialdian, Astigarragako eta Hernaniko Udaletako Plenoak. Ohi bezala, Hernanikoa izango da aurrenekoa, arratsaldeko 18:00etan hasita; eta Astigarragakoa ondoren, 19:00etan.

Batean zein bestean, gai-zerrenda luzeak dauzkate lantzeko. 11 puntukoa izango da zerrenda Hernanin, eta gai garrantzitsuak daude tartean. Esate baterako, bertan emango dute Hernaniko Udalaren zein Ereñotzuko Auzo Udalaren 2023ko aurrekontuen likidazioaren berri, eta baita likidazioaren ondoren 2024ko aurrekontuetan egingo duten kreditu txertaketaren berri ere, bi kasuetan. Gainera, FL.08 eremuko hitzarmen urbanistikoa onartzea bozkatuko dute, aurkeztu diren alegazioei erantzun ondoren. Eta hiru mozio ere izango dira az­tergai Plenoan. Bata, hainbat he­rritarrek aurkeztutakoa, eska­tuz Arabako Foru Aldundiak berriro ekin diezaion Lurmen enpresak erregistratuta zeuzkan 61 kaxa garbitzeko lanari. Eta beste biak, Elkarrekin Podemosenak: Hernanin hondakinak biltzeko sistemari buruzko gogobetetze inkesta berri bat egitea eskatuz; eta proposatuz Hernaniko Udala izatea Viopeten parte, indarkeria matxistaren biktimei etxeko animaliekin laguntzeko programa.

Astigarragako Udalaren kasuan, are gehiago izango dira aztergaiak, 16 guztira; baina horietatik hainbat dagozkie kreditu aldaketei, eta Astigarraga Lantzenen eta Sagardun Partzuergoaren 2023ko likidazioari. ADIFi lursailak doan lagatzeko espedienteaz ere ariko dira, eta lankidetza hitzarmena sinatzea bozkatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, Gi­puzkoako Foru Aldundiarekin eta ADIFekin, As­ti­garragako tren geltoki berri­ko pasabi­de­aren obrak finan­tzatzeko. Astigarragako herri ba­­ratzeen emakidaren proiektua onartzea ere bozkatuko dute, eta baita Asociación Internacional de Ciudades Educadoras erakundetik ateratzea ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!