Udal eraikinetako eta saltokietako telefonoak erabiltzeko aukera izango dute nerabeek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 25a, 00:00

Mugikorra izateko adina atzeratzeko, ekimena jarriko dute martxan Altxa Burua Hernani! taldeak, Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak.

Telefono mugikorraren beharra murriztu nahian, eta mugikorra izateko adina atzeratzeko, ekimena jarriko du martxan Altxa Burua Hernani! taldeak, Hernaniko Udalarekin eta Ereñotzuko Auzo Udalarekin batera.

Horren bitartez, kanpainan parte hartzen duten zerbitzu publikoek eta saltokiek beraien telefonoa erabiltzeko aukera emango diete haur eta nerabeei, horretarako beharra dutenean. Partehartzaileek pegatina bat izango dute euren saltokian edo eraikinean, honela dioena: 'Geurea erabili dezakezu'. Apirilaren erdialdera jarriko dute ekimena martxan, eta urtebeteko iraupena izango du printzipioz. Epe hori igarota, balorazioa egingo dute, eta erabakiko dute nola jarraitu etorkizunean.

Kanpaina hau martxan jartzeko, diagnostiko bat egin du Altxa Burua Hernani! taldeak. Hainbat datu jaso dituzte taldeko kideek: haurrak mugikorra modu autonomoan erabiltzen hasten diren adina, zer beharri lotuta dagoen erabilera, haurren joan-etorriak zein izaten diren, eta zein espaziotan egoten diren beraien kabuz.

Hori horrela, gonbitea luzatu diete identifikatu dituzten espazioetan dauden zerbitzu publiko eta saltoki guztiei, kanpainan parte hartu dezaten. Horretarako, posta elektronikoz eman dezakete izena, honako helbidera idatzita: merkataritza@hernani.eus.

Gainera, gaueko ordutegia ere bermatzeko, zenbait taberna identifikatu ditu Altxa Burua Hernani! taldeak kanpainarako, eta horiekin zuzenean jarriko da harremanetan, parte hartzeko.

Pantailek haurrengan duten eragin kaltegarriarekin kezkatuta, hainbat gurasok sortu zuten Altxa Burua Hernani! taldea, eta urtarrilean egin zituzten aurreneko bilerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!