Urumea bailara dantzan jarri du Korrikak, gaur eguerdian Baionan bukatu aurretik

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 24a, 00:00
San Joan Konpartsako kideak, Lizeaga kalean gora, lekukoa Dobera-Kronikako kideei eman aurretik.

Asteartean piztutako festa haundiari, atzo arratsaldean jarri zioten errematea bailaran, Korrikak Hernani eta Astigarraga zeharkatu zituenean.

Sekulakoa izan zen Korrikak Urumea bailaran piztutako fes­ta, astearte arratsalde-iluntze­an, Goizuetatik barrena sartu eta Arano, Ereñotzu eta Hernani ere dantzan jarri zituenean. Eta festa horrek segida izan zuen atzokoan, Korrikaren azkenaurreko egunean: Hernani eta Asti­garraga zeharkatu zituen arra­tsaldean, eta asteartean bezalaxe, sekulako jendetza batu zen Korrikara, bi herrietan.

Urnietatik iritsi zen Korrika Hernanira, eta berehala egin zuten bat dozenaka herritarrek, tropel mardularekin. Plazara iritsi zenerako, izugarri luzea zen korrikalari ilara, eta hala osatu zuen ibilbidea Hernanin barrena: Kaxkoan gora-behera aurrena, Lizeaga auzoan ondoren, eta Latsunbeberrira, Antziolara eta Floridara azkenik, Zinkoeneara itzuli eta Astigarragarako bidea hartu aurretik.

Hainbat gaztetxo, 'Azterketak euskaraz' pankarta hartuta, Korrikarekin.

Beste horrenbeste gertatu zen astigartarren artean ere, aurrenekoz jaso baitzuten 23garren Korrikaren bisita, atzokoan. Martindegi paretik pasa orduko hasi ziren astigartarrak Korrikarekin bat egiten, Mundarrok lekukoa hartzearekin batera. Hortik aurrera, sekulako jendetza izan zen Korrikaren tropelean, eta baita errepidearen alde banatan ere, erdigunean bereziki.

Astigarragan barrena buelta egin, eta Martutenerako bidea hartu zuen Korrikak, Donostiara iristeko. Gipuzkoatik Lapurdirako bidea hartuko du Korrikak gaur, eta Baionan bukatuko da eguerdian. Orduan emango dute argitara, ekitaldi nagusian, lekukoak aurtengoan 11 egunez gorde duen mezua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!