Pasa den otsailaren 2an, agerraldi psikotiko bat izan zuen Astigarragako bizilagun batek. Laguntza eske ari zela, gertuko erizain batek eta udaltzainek artatu zuten, Ertzaintza iritsi eta egoeraren kontrola hartuko zutela esan zuten arte. 40 minuturen ondoren hilik atera zuten gizona. Berriki argitara atera den autopsiak agerian utzi ditu era guztietako bortxa zantzuak: borra kolpeak, hautsitako saihetsak, urradurak, baita Taser pistolaren markak ere. Ertzaintzaren interbentzioak gaixo zegoen pertsona bat lasaitzeko ardura beharko zuen izan, ez zieten utzi familiarrei lasaitzera gerturatzen, eta ordutik gertatutakoa ukatzen eta gezurretan ari dira. Familiak jada, salaketa jarri du.
Hala ere, ez da gertaera isolatu bat, argi geratzen ari baita poliziaren gehiegikeria kasuak gero eta maizago, eta gero eta bortitzago ematen ari direla. Azken asteetan kasu ezberdinak eman dira Euskal Herri osoan zehar. Izan ere, bizi ditugun garai ezegonkor hauetan, kosta ahala kosta ordena mantentzea da poliziaren funtzio nagusia, eta inpunitate osoz egin ere, instituzioen konplizitatearekin. Bestalde, polizia ereduaren inguruko eztabaida mahai-gaineratzen ari direnak ere polizia bera eta bere funtzioak iraunarazten besterik ez dira ari. Estatuaren indarkerian eta zapalkuntzan oinarritzen den beso armatua besterik ez da.
Gertakariak ezagutu eta berehalako erantzuna eman zuen Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak. Horrelako gertakariak normalizatzea ekidin eta poliziaren indarkeriari aurre egiteko baldintzak jartzea ezinbestekoa baita. Poliziaren inpunitatea, instituzioen konplizitatea, herritarron zein militantzia politikoaren kontrako erasoak borrokatzea dagokigu, askatasun politikoak defendatzea.
Besarkada bat Enekoren gertukoei.