Mila 'apellidu' abizenduta, Buruntzaldeko udalen ekimenez

Kronika - Erredakzioa 2024ko martxoaren 23a

Geroz eta jende gehiagok euskalduntzen du bere abizena eskualdean.

Zure 'apellidua' abizendu nahi? Erraza eta azkarra da prozedura, irakurle, Buruntzaldeko udalen eta tokian tokiko bake epaitegien elkarlana medio. Orain 24 urte sortu zen 'Apelliduak abizendu' egitasmoa.

Zaharkituta gelditu dira, honezkero, Gorrochategui edo Echeverria bezalako abizenak; jada, ez dira horrenbeste aguirretar, churrucatar edota aramburutar gelditzen eskualdean. Aitzitik, geroz eta gehiagok idazten dituzte beren abizenak 'b', 'z' edo 'tx' hizkiz. Mende berria ekitearekin batera ipini zuten martxan 'Apelliduak abizendu' egitasmoa Buruntzaldeko udalek, tokian tokiko bake epaitegiekin elkarlanean. Hala, ia mende laurdeneko ibilbidean, mila bizilagun inguruk euskaldundu dute deitura, Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen.

«Azkarra eta erraza da 'apellidutik' abizenera jauzi egiteko prozedura»

Nola egin?

Maiz, administrazio-erraiak korapilatsuak izan arren, azkarra eta erraza da 'apellidutik' abizenera jauzi egiteko prozedura. Herriko bake epaitegira jo eta

momentuan bertan egiten dute aldaketa, zenbait dokumentu aurkeztuta: lehenik, nortasun-agiria; bigarrenik, udaletxean bertan eskatu beharreko errolda-agiria; eta, azkenik, jaioterriko bake epaitegian eskatu beharreko jaiotza-agiri ofiziala. Modu berean, Familia Liburua erakutsi beharko dute ezkonduek edo haurrak dituztenek. Azken horiei ere, adin txikikoak izanez gero, zuzenean egingo zaie aldaketa, gurasoen deitura berbera izan dezaten. Helduen kasuan, nork bere aldaketa egin beharko du.

 

Euskaltzaindiaren esanetara

Edo nork al dauka abizena euskaratzeko aukera, baina? Ez, Euskaltzaindiak onartutako irizpideak jarraituz aldatzen dira deiturak. Euskaltzaindiaren webgunean bertan egin dezakete kontsulta interesdunek, 'Hizkuntza baliabideak' arloko 'Onomastika' atalean.

Abizena euskaratu ondoren, gainerako dokumentuetan er euskaratutako deitura jarri behar izaten da, bake epaileak emandako ziurtagiri baten laguntzaz. Doakoa da aipatutako prozesu guztia. Beraz, erdal bustidurak atzean utzi eta mihia euskaraz zorrozteko aukera duzu eskuartean, 'iracurle'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!