Garaipenaren bidetik jarraitu nahi du Hernanik Euskal Ligan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 23a, 00:00

Lorea Lasa golegile izan zen aurreko astean.

Bilbon jokatuko dute gaur neskek, 18:30etatik aurrera, San Igancio B taldearen aurka.

Aste Santuko oporren aurretik jardunaldi berri bat jokatuko da asteburuan maila ezberdinetan. Ohorezko Erregional taldeak atzo jokatu zuen Zubipen Deustoren aurka, baina beste talde guztiek gaur eta bihar izango dituzte partiduak.

Honela, Euskal ligako nesken taldeak gaur Bilbora bidaiatuko du San Ignacio taldearen aurka jokatzeko, 18:30etatik aurrera. Aurkari zuzena da talde bilbotarra eta partidu parekatua espero da. Puntu bakarreko aldea du sailkapenean Hernanik eta gaur irabaziz gero lau punturen aldea irekiko luke. Beraz partidu garrantzitsua izango da. 

Denboraldi oso ona ari dira burutzen neska hernaniarrak. Aurreko astean 6-0 lortu zuten garaipena, Aranbizkarraren aurka, eta talde sendoa osatzen dutela erakutsi zuten, partidu gehienetan bezala.

 

Mundarrok Oriokoren aurka jokatuko du gaur Zarkumendegin

Preferente mailan Mundarrok gaur, 16:00etan, Oriokoren aurka jokatuko du Zarkumendegin. Aurreko asteko porrotari buelta eman nahi diote astigartarrek. Mundarro hamaikagarren postuan dago sailkapenean eta hiru jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe. Gainera, azkenenengo postuetan sailkaturik dauden taldeen aurka izan dira partidu horiek eta zapore garratza utzi diote moreei. 

Aldiz, Orioko ez da Preferente mailako talde ahulenetakoa. Zazpigarren postuan daude sailkatuak eta lehenengo itzulian 2-0 garaitu zituzten astigartarrak. Ez da partidu erraza izango, baina astigartarrek duten dena emango dute garaipena etxean geratu dadin. 

Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeak, Barakaldoren aurka neurtuko ditu indarrak, gaur 17:30etatik aurrera. Bolada onean zeuden hernaniarrak, baina pasa den asteko porrotaren ondotik garaipenaren bidera itzuli nahi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!