Azken jardunaldian ere irabazi arren, azpitxapeldun izan da Ibon Miner

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Beatriz Unzue villabonatarra eta Jokin Izagirre segurarra, Lehendakari Txapelketako garaile.

Ibon Miner ereñotzuarrak ezin izan du Lehendakari Txapelketako txapela jantzi, azkeneko bi jardunaldiak irabazi arren; azpitxapeldun izan da. Azken jardunaldia Mutiloan jokatu zen, eta hasi aurretik, Jokin Izagirre segurarrak bost brilen abantaila zuen berarekin. Ereñotzuarrak brila bateko aldea atera zion liderrari laugarren jardunaldian, eta lau brilako aldearekin lortu du garaipena Izagirrek.

Txapeldunak guztira 184 brilarekin agindu du torneoan, lau jardunaldi eta gero; eta Ibon Miner ereñotzuarra 180 brilarekin geratu da azpitxapeldun. Hirugarren Mikel Arroio hernaniarra sailkatu da 174 brilarekin, eta Joxe Mari Etxebeste astigartarrak 169 brila bota ditu guztira, seigarren sailkatuz.

Mikel Arroio oso ongi aritu da azkenengo hiru jardunaldietan, baina lehendabizikoan ez zen fin aritu, eta sailkapen nagusian zama horrekin ibili da hortik aurrera. Bailarako bolarientzat ez da txapelketa txarra izan, lau jardunaldietatik hirutan ekarri baitute garaipena. 

 

Rosa Santos laugarren, eta Martxeli Kanflanka zazpigarren

Emakumezkoetan Rosa Santos astigartarrak postu bat gora egitea lortu zuen azken jardunaldian, eta laugarren sailkatu da. Beatriz Unzue villabonatarrak lortu du txapela alde haundiarekin. 170 brilarekin irabazi du, eta Aitziber Makazaga bederatzi brilatara geratu da. Elena Aldaz izan da hirugarren, 158rekin.

Bailarakoen artean, Santosek 144 brila batu ditu txapelketako lau jardunaldietan, eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak zazpigarren postuan amaitu du, 125 brilarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!