Umore Ona Espainiako txapeldun izan da Lehenengo Mailan, eta Alize Sagardui Master Cup txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Goizuetarrentzat asteburu ezin hobea izan da. Najerino gainditu zuen Umore Onakek Sorian, eta Sagarduik Arrasaten jantzi zuen txapela.

Goizuetak asteburu polita bizi izan du esku pilotan, bi garaipen ederrekin. Igandean, Sorian, Umore Onak Espainiako Kluben Arteko Txapelketa irabazi zuen Lehenengo Mailan. Finalera iritsita Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten, baina horrekin konforme ez eta txapelketa irabaztea lortu zuen Umore Ona klubak. 

Finalean Najerino gainditu zuen. Banakakoan Eñaut Lizeaga astigartarrak 2-1 gainditu zuen Najerinoko Adrian Prado. Lehenengo seta 5-10 galdu zuen, baina oso ongi erreakzionatu zuen, eta hurrengo bi setetan 10-4 eta 5-0 nagusitu zen. Binakako partiduan, berriz, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea erraz nagusitu ziren (2-0), 10-3ko eta 10-4ko partzialekin. 

Soriaraino Goizuetatik autobus bat joan zen, eta giro ederra izan zen frontoian. Bueltan, goizuetarrek ongietorri dotorea eskaini zieten txapeldunei. 

Binakako Master txapelketan ere, Goizuetako esku pilotak sari potoloa eskuratu zuen, Arrasaten jokatutako finaletan. Alize Sagardui pilotari gazteak txapela jantzi zuen pilota mistoko gazte mailan. Uxue Gomezekin bikotea osatuz, erakustaldia eman zuten Izar Etxezarretaren eta Ainhitze Arratibelen aurka. 18-6 lortu zuten garaipena. 

Uxue Gomez eta Alize Sagardui, txapeldun Arrasaten.

 

Grabni Txapelketan, garaipen bat eta hiru porrot

Bestalde, asteburu honetan hasi da Grabni txapelketa. Gipuzkoarekin, bi garaipen eta bi porrot izan dituzte bailarako pelotariek, trinketean. Xabier Barandiaran astigartarrak 40-17 irabazi zuen nagusien mailan; baina Aimar Zabala astigartarrak eta Jon Jara eta Unax Manterola hernaniarrek ezin izan zuten garaipenik lortu. Zabalak, Iparragirrerekin batera, galdu egin zuen jubeniletan (17-40). Jon Jarak 22 urtez azpikoetan galdu zuen banaka (36-40), eta Unax Manterolak, Sorondorekin batera, 32-40 galdu zuen 22 urtez azpikoetan, binaka.  

 

Bi finalista infantiletan eta jubenilen bikote bat, Udaberri Sarian 

Udaberri Sariari dagokionez, infantil mailan hiru bikotek lortu dute sailkapena finaletara. Imanol Ormazabal astigartarrak eta Oier Arsuaga hernaniarrak infantilen lehenengo mailan lortu zuten Gipuzkoako Txapelketaren finalera sailkatzea. 18-9 irabazi zieten Landari eta Alberdiri (Lapke), eta finalean aritzeko txartela lortu dute partidurik galdu gabe. Infantilen bigarren mailan, Mundarroko Anzak eta Zabalak, 8-18 irabazi zuten Oiarpe 1en aurka, finalera sailkatuz.

Udaberri Sarian bertan, jubenilen bigarren mailan, Aimar Zabala astigartarrak eta Oier Azpeitia hernaniarrak 22-15 irabazi zuten Amuategi eta Caramanzana (Soraluze) bikotearen aurka, eta finala jokatzeko sailkatu dira partidurik galdu gabe.

Bestetik, finalerdiak galduta, kanporatuta geratu dira honakoak: Gipuzkoako Txapelketan, Goñi anaiak alebinetan, eta Aratz Labaka-Lier Zugasti eta Ekhi Galdos-Hegoi Zabala bikoteak infantiletan; eta Udaberri Sarian Xuban Iturbe-Oihan Legarreta, jubeniletan.

Txapelketa pribatuetan, Goñi Memorialean, Markel Lizeaga hernaniarrak, Zubizarretarekin (Lapke) batera, 22-18 galdu zuen Igoa eta Garmendiaren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!