Hernanik berdindu egin du Egian, igoera fasean, liderraren aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00
Hernaniko mutil jubenilek Herrera Bidebietaren aurka galdu zuten etxean.

Mundarroko neska jubenilek irabazi egin dute Orion. Hernaniko jubenil neska eta mutil jubenilek, aldiz, galdu egin dute.

Hernaniko eskubaloi taldeak ezusteko latza eman zuen larunbatean, Egiako kiroldegian. Mutil seniorrek 33na berdindu zuten Egia Kosko taldearen aurka: 10 garaipen jarraian lortu ondoren, lehenengo berdinketa izan zen hori donostiarrentzat. Gipuzkoako bigarren mailan igoera fasea ari dira jokatzen hernaniarrak, eta multzo horretan jaun eta jabe da Egiko taldea.

Hala ere, hernaniarrek aurre egin zieten, eta merezitako berdinketa lortu zuten. Hernani seigarren postuan dago sailkapenean, zazpi punturekin, hiru partidu irabazi, bat berdindu eta zazpi galduta.

Garaipen ona lortu zutenak, Astigarragako Mundarro taldeko neska jubenilak izan ziren. Orion 24-26 gainditu zuten talde oriotarra. Federazio garaikurra ari dira jokatzen A2 multzoan, eta garaipen bat gehiago zuen taldea menperatu zuten etxetik urrun. Orain bi garaipen eta bi porrot ditu talde astigartarrak.

A3 multzoan, berriz, Hernaniko neskek 17-16 galdu zuten Bidebietako Irauli taldearen aurka, Donostian. Partidu oso berdindua izan zen, maila bereko bi talderen artekoa.

Galdu zuen beste taldea Hernaniko mutil jubenilena izan zen. Hauek etxean jokatu zuten, Herrera Bidebieta taldearen aurka: 29-32 izan zen azken emaitza. Ez zeuden gustura hernaniarrak partidua amaitu eta gero. Orekatua izan zen norgehiagoka bigarren zatiko erdialdera arte. 21nako berdinketaren ondoren, donostiarrek lau-bost goleko abantaila erabakiorra lortu zuten, eta garaipenak ez zien ihes egin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!