«Gaur egungo hezkuntza sistemaren egoera salatzea da biharko greba deialdiaren helburua»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Grebaren aurkezpena egin zuten IAko kideek Hernaniko Institutuan.

'Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu!' lelopean, manifestazioak antolatu ditu Ikasle Abertzaleakek Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Deialdiari buruzko xehetasunak azaldu dizkio Ander Goikoetxea IAko kideak Kronikari.

'Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu!' lelopean, greba deialdia egin du biharko Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak. Mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko zenbait hiriburutan, eta eguerdiko 12:00etan abiatuko da Donostiako manifestazioa, Boulevardetik. Deialdiari buruzko xehetasunak azaltzeko, Buruntzaldeako IAko kide den Ander Goikoetxea hernaniarrarekin hitz egin du Kronikak.


'Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu!' lelopean egin duzue biharko greba deialdia. 

Hori da. Gaur egungo hezkuntza sistemaren egoera salatzea da asmoa. Ikusten dugu izaera merkantilista duela egungo ereduak, eta hori autoritarismoz inposatzen digutela. Leloak argi adierazten du zeren aurkako greba den, eta ideia horretan sakonduko dugu aldarrikapen zehatzagoekin. 

 

Zeintzuk dira aldarrikapen nagusiak?

Hasteko, zerbitzu publikoen murrizketa eta kaxkartzea ematen ari da. Horren barruan sartzen dira segregazioa, ratioak eta bestelako arazoak. Zerbitzuei buruz hitz egiterakoan ezin dugu ahaztu garraioarekin daukagun arazoa, edota azken hilabeteetan jangeletan gertatutakoa. Gure ustetan, arazo horiek ez daude kudeaketarekin lotuta, ez dira enpresa batek edo besteak kudeatuta konpontzen, arazo estrukturalak dira. 

Inposaketen alorrean, nabarmenduko genuke hezkuntzak hartu duela diziplinamendurako norabidea. Klaseetan ematen den edukiak zentralitatea galdu du, garrantzia galdu du, eta hezkuntza bihurtu da gazteak etorkizuneko orden sozialera bideratzeko tresna bat. Adierazgarri nagusia da hezkuntza zentroetan dagoen kontrol soziala: kamerak, ikasleei ezarritako zigorrak, poliziaren presentzia... Edozein jardun politiko aurrera eramateko garaian, euren logikatik ateratzen bada, sekulako joera dago ikasleak zigortzeko. Inposatu egiten dute arazoari konponbidea bilatu beharrean. 

Institutuetan eta Unibertsitatean konpetentzien eredu bat inposatzen zaigu, eredu guztiz enpresariala da. Horrek ere zaildu egiten du ikasleen ongizatea bermatzea, maila sozioekonomikoaren arabera errazagoa edo zailagoa delako ikaslearentzat lan karga haundiei aurre egitea. Datuen arabera, EAEn ikasleriaren % 57ak klase partikularrak jaso behar ditu hezkuntza prozesuan zehar, eta horrek esan nahi du hezkuntza bera ez dela gai prozesua ondo garatzeko. 

 

Hezkuntza eredu kapitalistara bideratuta dagoela diozue. Zein alorretan antzematen duzu hori? 

Hezkuntza prozesu osoa zeharkatzen duen kontua da. Ikus dezakegu azken urteetan zer nolako inbertsio eskasak egin diren filosofian edo euskal filologian, besteak beste. Teknologiak hartu dezakeen garrantzia ikusita, horren inguruko edukietara bakarrik bideratzen da ikasleria. Pentsamendu kritikoari buruz asko hitz egiten digute, institutuan gehienbat, baina ondoren ez dira ikasleria kritikoa sortzeko gai. Eduki hutsalak irakasten dituzte, garrantzi haundiagoa hartzen duelako eredu enpresarialak. Nahi dute ikasle bat 8 orduko lan saioetara ohitzea, etorkizunean 8 orduz egon beharko duelako bulego batean, eta ahal dela isilik eta otzan. Kontu horietan nabaritzen da gehien eredu enpresariala, ez delako hitz egiten ikasleen garapenari buruz, lortu behar dituen konpetentziak aipatzen dira. 

Horrez gain, argi dago ikasle guztiek ez dituztela baliabide eta baldintza berak hezkuntza prozesuari aurre egiteko. Egoera sozioekonomiko okerragoa duen ikasle bat errazago iritsiko da 'eskola porrota' deritzon horretara; hezkuntzatik kanporatua izatera, alegia. Hala ere, hezkuntza sistema azken unera arte ahalegintzen da produktibitatearen zentzua zukutzen, kanporatua den ikaslea Lanbide Heziketara bideratuta. Bertan enpresa batean lan egiteko modura hezten dute ikaslea, eta ez eduki kritiko batekin. Zuzenean produktibitatea haunditzera zuzendutako ikasketak dira. 

 

Zenbateraino da garrantzitsua kontzientzia politikoa sortzea ikasleen artean? 

Antolakunde iraultzaile baten oinarrian dago hori. Mugimendu Sozialistan dauden erakundeen betebeharra da kontzientzia politikoa garatzea oraingo belaunaldien artean, baina baita lehenagoko eta etorkizuneko belaunaldietako kideen artean ere. Ikasle asko daude egunerokotasuneko arazoak identifikatzeko gai direnak, baina gure betebeharra da problematika guzti horiek barnebilduko dituen antolakuntza bat sistematizatzea. Gai horiei buruzko irakurketak egin eta atzeko lan politikoa garatuko duen antolakundea indartu behar da. 

 

Kontrol soziala aipatu duzu lehen. Poliziaren presentziak bereziki kezkatzen zaituzte, ezta?

Bai. Poliziaren presentziaren auzia gizarteko eremu gehienetan gertatzen ari den zerbait da. Horren aurrean, beharrezkoa da ikasleriarengan argi uztea zein den poliziak betetzen duen funtzioa. Alegia, nabarmentzea polizia ez dela denon segurtasuna bermatuko duen figura bat, orden soziala mantenduko duen figura armatu bat baizik. Bere funtzioa da kapitalaren logika hezkuntza zentroetan mantentzea, eta hortik ateratzen den oro jazartzen dute, izan Herri Unibertsitateko kideak edo institutuetan propaganda politikoa egiten dabiltzanak. Kapitalak nahi ez duena da jendeak politika egitea, eta gazteak otzantasunera bideratzea da bere nahia. 

 

Ikasleek zergatik egin behar dute bat biharko deialdiarekin?

Askotan errepikatu izan dugu garaipenaren funtsa antolakuntza dela. Egoera honi kolektiboki eman behar diogu erantzuna. Gure helburua da abiatzen dugun borroka oro hezkuntza sistema sozialistaren baitan kokatzea, ikasleen beharrak aseko dituen hezkuntza delako. Gaur gaurkoz, ikasle bati zerbait gertatzen zaionean, argi dago burokraziaren bidez eta bakarka ezinezkoa dela aurre egitea. Modu kolektiboan, antolatuan eta politikoan eman behar zaio erantzuna. Historiak erakutsi du horrela lortzen direla eskubideak. Ikasle guztiak animatuko nituzke deialdiarekin bat egitera, urte guztian egindako lana barnebiltzen duelako biharko egunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!