Eman diezaiogun euskarari kalea!

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Aurrekoan, lan egiten dudan institutuan ikasle batek bota zidan: “hamar pertsona bagaude eta batek euskaraz ez badaki, errespetuzkoena da gazteleraz hitz egitea”. Esaldi horren eta bota duen pertsonaren atzean, hamaika bizipen daude, eta horietan barna nagusitu den logika bat antzeman daiteke, hau da, mundua gobernatzen dutenen logika indibidualista eta sasi-bakezalea.

Euskal Herrian (ere) agintzen duen logika horrek berak ezkutatzen ditu pertsonen artean dauden botere-harremanak; klaseak, sexu-generoak, azal-koloreak, hizkuntzak… eragindakoak. Horrela, denok aske eta boterez berdinak bagina bezala pentsatzera eraman gaituzte, gure bizipen eta ekintzen kausa zein ondorio sistemikoak ikusezin bihurtuz. Nik euskaraz edo gazteleraz egin, zer axola du? Aske naiz nahi dudana egiteko! Gainera, ez dadila inor gaizki sentitu, ez dezagun inor gaizki sentiarazi… Pentsamolde honek, bistan da, itxurazko bakea ezartzen du, noski, zapaltzailearen mesedetan eta zapalduaren kaltetan.

Azken urtetan, ikasleek euskara eskolarekin eta arauarekin lotzen duten irudipena dut, eta erdara, kontrara, dibertsioarekin eta askatasunarekin. Urte luzetako borrokaren ondorioz euskara neurri (txiki) batean instituzionalizatzea lortu dugun bitartean, diglosia egoera bortitzean jarraitzen dugu, baina gutxi hitz egiten da horri buruz, eskoletan, etxeetan zein kalean. Errealitate gordin hori ezkutuan geratu da.

Horren aurrean, astindu berri bat behar du gure hizkuntzak eta komunitateak. Apirilaren 22tik 28ra izanen dugun Euskaldunon Harrotze Asteak horretarako aukera eskainiko digu, kaleak hartuz, elkarrekin ahalduntzeko eta bizi ditugun zapalkuntzen arduradunak seinalatzeko. Korrika bezalaxe, kolektiboki harrotzeko ariketa izanen da, parte hartu nahi duten euskaltzale guztiei irekia.

Gure institutuko ikasleek, beste guztiok bezala, egoeraren kontziente izateko eta askatzailea den komunitate baten parte aktibo izateko eskubidea dutelako. Eman diezaiogun euskarari kalea!

 

Sugoi Etxarri Zabaleta
Euskal Herrian Euskaraz

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!