Umore Onak Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finala jokatuko du bihar Sorian lehenengo mailan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 00:00
Antton Apezetxea, Beñat Apezetxea eta Eñaut Lizeaga.

Finalera sailkatuta Ohorezko Mailara igotzea lortu du talde goizuetarrak, baina orain helburu nagusia txapelketa irabaztea da. Aurkaria Najerinoren eta San Cosmeren arteko gaurko finalerdietatik irtengo da. 

Goizuetako Umore Ona klubak Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finala jokatuko du bihar, Sorian, 12:00etatik aurrera. Lehenengo mailako finala izango da; banaka Eñaut Lizeagak ordezkatuko du kluba eta binaka, Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak. Aurkaria gaur ezagutuko dute, eta Najerino eta San Cosme taldeen arteko lehiak erabakiko du. Umore Ona lehendabiziko postuan geratu zen ligaxkan eta horrek finalerako sailkapena eman zion zuzenean, gainera finalera sailkatzean Ohorezko Mailara igotzeko txartela lortu zuen Umore Onak. 

Bestetik, bihar Arrasaten, Alize Sagardui goizuetarrak Emakumeen Masters Cup txapelketako finala jokatuko du. 17:30etan hasiko dira finalak eta Umore Onako Sagardui gazteak Pilota Goxuko Gazteen finala jokatuko du Uxue Gomezekin bikote osatuz, Arratibel eta Etxezarretaren aurka.

Profesionaletan bihar Eibarko Astelenan astigartarren lehia ikusiko da. Hodei Expositok, Erostarberekin jokatuko du Senar eta Ekain Lizeagaren aurka, jaialdiko hirugarren partiduan.

 

Grabni txapelketa hasiko da bailarako pelotariekin

Azkenik, aipagarria da gaur eta bihar Grabni Txapelketa jarriko dela abian eta bertan, bailarako hainbat pelotarik jokatuko dute. Beñat eta Antton Apezetxeak Nafarroa ordezkatuko dute eta Gipuzkoan honako hauek jokatuko dute: Eñaut Lizeaga, Xabier Apaolaza, Xabier Barandiaran, Oier Gurutzealde, Jon Jara, Unax Manterola, Aimar Mujika, Aimar Zabala, Iñigo Labaka pelotariek.

Lehendabiziko aurkaria Bizkaia izango du Gipuzkoak, eta Araba Nafarroak. Trinketean gaur arratsaldean, Xabier Barandiaranek banaka jokatuko du nagusien mailan, Iruran. Jon Jarak 22 urtez azpikoetan jokatuko du eta Unax Manterolak, Sorondorekin, binaka jokatuko du maila berean.

Eskuz Eñaut Lizeagak 22 urtez azpikoetan gaur goizean Atanon izango du partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!