Gauza jakina eta begibistakoa da, banketxeen bulegoak ixten ari direla azkeneko urteotan. Eta gaiari datuekin heldu nahian, horren inguruko lanketa egin dugu Tokikomeko tokiko hedabideok eta EITBk elkarlanean, Saretzen egitasmoaren baitan. Hego Euskal Herriko bilakaeraren datuak eskuratuta, aurreneko alderaketa oso deigarria da: 2.673 bulego zeuden 2008an lau lurraldeetan, eta 1.374 bulego 2023an. Alegia, ia erdira murriztu da banketxeen bulego kopurua Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 15 urteko epean; zehazki, %48,57 egin du behera.
Gurean, Urumea bailaran, bilakaeraren datuak xumeagoak izanagatik, oso esanguratsuak dira. Heren bat gutxitu dira bulegoak bailaran, 18 izatetik 12 izatera. Gorabehera horretan, aldaketarik ez dute bizitu herri txikienek: Goizuetan bere bulego bakarra mantendu dute, eta zerbitzu hori izan gabe jarraitzen dute Aranon eta Ereñotzun.
Biztanleriak gora egin arren, behera egin du banketxe-bulego kopuruak, Urumea bailaran. Astigarragan, erdira murriztu da bulego kopurua, herriaren hazkunde haundieneko garaian.
Hernanin, pixkanaka egin du behera bulego kopuruak. 12 bulego ziren 2008ko aurreneko datu horietan; bi gutxiago 2015eko kontaketan (10); eta bederatzi 2019an. Ordutik mantendu egin da, 2023ko datuetan zortzi ageri diren arren. Izan ere, Kutxabankek Plaza Berrin daukan bulegoa itxita zegoen une horretan, baina dagoeneko zabaldu dute, berritze lanak bukatuta.
Astigarragan %70 murriztu da bulego kopurua biztanleko
Baina bailarako kasuetan nabarmenena, Astigarragakoa izan da. Erdira murriztu da bulego kopurua 15 urtetan, sei izatetik hiru izatera. Baina bilakaera hori are deigarriagoa da, kontutan hartuta biztanle kopurua izugarri haunditu dela epe berean: 15 urte horietan, zehazki, 4.522 biztanletik 7.666 biztanlera.
Hori horrela, bi datuak gurutzatuta, honako baieztapena egin liteke: %70,5 murriztu da banketxeen bulego kopurua astigartar bakoitzeko. Mila biztanleko, 1,33 bulego zeuden Astigarragan 2008an, eta 0,39 bulego 2023an. Tartean, 2015 urtean 0,88 bulego ziren mila biztanleko (bost bulego eta 5.688 biztanle); eta 2019an 0,77 bulego (bost bulego eta 6.532 biztanle).
Hernanin ere, kalterako da alderaketa hori, kopuru xumeagoan bada ere, gora egin baitu biztanleriak. Horrela, 2008an 0,62 bulego zeuden Hernanin, mila biztanleko (12 bulego eta 19.229 biztanle); eta 2023an 0,39 bulego izan ziren mila biztanleko, Kutxabanken Plaza Berriko bulegoa itxita zegoela kontutan hartuta (zortzi bulego eta 20.527 biztanle).
Kutxabank eta Caixabank, bailaran bulego gehien dituztenak
Urumea bailaran bulegoa duten entitateei erreparatuta, Kutxabank eta Caixabank dira kopuruz haundienak, hiruna bulegorekin. Caixabankek hiru herritan dauka sukurtsalik, berea baita Goizuetako banketxe bulego bakarra. Horrez gain, Astigarragan eta Hernanin dauka bulego bana. Kutxabankek, berriz, Astigarragan dauka bulego bat, eta Hernanin beste biak, behin Plaza Berrikoa berriro zabalik dela.
2025etik hona, aldaketa gutxi izan dira bailarako ordezkaritzan; eta izan direnak, banketxeen fusioei edo eskuratzeei dagozkie. Bankoa zena, esaterako, Abancak eskuratu zuen 2021ean, baina horrek ez zuen aldaketarik ekarri bailarako bulegoetan: Bankoak Hernanin zeukan bulego bakarra, Abancak bere egin eta mantendu zuen. Bestelakoa da Banco Popularren kasua. Bulego bana zeukan Hernanin eta Astigarragan, eta 2017an Banco Santanderrek erosi zuenean, bi bulegoak itxi zituen. Hernaniren kasuan, Banco Santanderrek berak bazeukan beste bulego bat lehendik, zabalik jarraitzen duena; Astigarragan, aldiz, ez.
Gainerako entitateei dagokienean, Laboral Kutxak bulego bana dauka Astigarragan eta Hernanin. Eta beste hiru entitate dira, Hernanin zeukaten bulegoa mantendu dutenak: Rural Kutxa, BBVA eta Banco Sabadell.
Diru pilaketa haundietatik bizumera eta datafonora bidean, Aranon
Egoera bestelakoa da banketxerik eta kutxazainik gabeko herrietan, Aranon eta Ereñotzun bezala. Horietan, beste hainbat zerbitzurekin egin bezala, molde propioak sortu behar izan dituzte, eguneroko funtzionamendurako. Horixe da aranoarrek betidanik egin dutena, esate baterako. Ez da inoiz banketxe baten bulegorik izan herrian, janariarekin egin bezala, beste modu batera antolatzen dira: janaria gehiago erosten dute, eta izozkailuan sartu; ba diruarekin ere berdin, gehiago atera behar, eta etxean pilatu, ez daukatelako kutxazainik eskura behar dutenean.
Horrela izan da orain arte, baina molde berriak ere txertatu dituzte dagoeneko, ezinbestean. Horrela, harakinak edo arrain saltzaileak herrira bisita egiten dutenean, bizum bidez edota txartelarekin ordaintzen diete hainbatek, gaur egun. Beste batzuek, helduenek bereziki, zailtasunak dauzkate teknologia berriekin, eta molde zaharrean antolatu beharra daukate oraindik.
Beste herri batzuetan, gaur egun, pentsaezina da honakoa: 'Apuntatu ezazu nire kontuan'. Baina hala funtzionatu ohi dute aranoarrek, batzuetan, herriko tabernan. Bertan ez daukate bizum bidez edo txartelarekin ordaintzeko aukerarik oraindik (laster izango, dirudienez), baina esku dirurik ez dutenean, ez diete tragoa ukatzen herritarrei. Norberaren kontuan apuntatu, eta hurrengoan kitatu. Eta ogiarekin ere, antzeko egiten dute. Herritar bat arduratzen da ogiaren kontuak eramateaz, eta egunez egun beharrean, astean behin edo bi astetik behin egiten dute ordainketa.
Bizuma, datafonoa eta 'kontuan apuntatzea' bezalako moldeak erabili behar izaten dituzte Aranon, kutxazain faltari eta dirua pilatu beharrari aurre egiteko.
Aranoko Udalak, bere aldetik, datafonoa jarri du udaletxean, tasak eta zergak ordaindu ahal izateko. Bestela, bi aldeentzat da zailtasun gehigarria: esku dirutan ordaindu behar duten herritarrentzat; eta diru hori bankura eraman eta kontuan sartu behar duen udaletxearentzat.
Baina esan bezala, molde berriekin aritzeko zailtasunak dituzte pertsona helduenek, eta beraiek dira, era berean, zailtasun gehien izaten dituztenak beste herrietara mugitzeko, kutxazain bila. Horrelakoetan, ezinbestekoa dute senideren baten edo gertuko norbaiten laguntza. Eta gauzak are gehiago zailtzen dira, banketxearekin edozein gestio egin behar izanez gero, nork bere kontuaren banketxera joan behar baitu. Onlineko bankak erraztu du hori, hainbat gestio internet bidez egiteko aukera emanez. Baina beste behin, teknologia berriekin moldatu behar, horretarako...
HEGO EUSKAL HERRIAN, BANKETXE BULEGO KOPURUA IA ERDIRA MURRIZTUTA
Hasieran aipatu dugun bezala, bailarako bilakaerak bat egiten du Hego Euskal Herriko joera orokorrarekin. Ia erdira murriztu da banketxeen bulego kopurua, lau lurraldeak batuta. Banaka hartuz gero, Araban eta Bizkaian izan da beherakada nabarmenena: Araban 338 bulego zeuzkaten 2008an, eta 152 bulego 2023an; eta Bizkaian 1.021 bulego 2008an, eta 491 bulego 2023an. Gipuzkoan eta Nafarroan ere, beherakada pixka bat apalagoa izan arren, oso haundia izan da.
Gipuzkoako kasuan, 595 bulego zeuden 2008 urtean. Kopuru hori gutxitu egin zen 2015 urterako (507), baina beherakada askoz ere nabarmenagoa izan da azkeneko zortzi urteotan: 329 bulego besterik ez ziren geratzen 2023an. Beherakada egonkorragoa izan da Nafarroan: 719 bulego zeuden 2008an, 570 bulego 2015ean, eta 402 bulego 2023an.
Galera horietan, hiriburuak eta herri haundiak izan dira bulego itxiera gehien ikusi dituztenak, horietan pilatzen baita banketxeen bulego gehien. Donostian, esaterako, 187 bulego zeuden 2008an, eta 85 bakarrik geratzen ziren joan den urtean; 102 bulego itxi dituzte, alegia. Iruñean, berriz, 2015 urtean 179 bulego zeuzkaten banketxeek, eta 2023rako 107ra murriztu zen kopurua, zortzi urtetan 72 bulego itxita. Bide beretik dijoaz Hego Euskal Herriko beste bi hiriburuen kasuak: Bilbon 366tik 164 pasa dira 2008 eta 2023 artean, 202 bulego itxita; eta Gasteizen 242 bulegotik 99ra, epealdi berean, 143 bulego galduta.
Espainiako Bankuaren eta Eustaten datuen arabera, hiru kasu bakarrik daude, Hego Euskal Herri osoan, bulegoren bat irabazi dutenak: Iruña Okan, Eguesibarren eta Lekunberrin daukate bulego bat gehiago orain. Gainerakoetan, bulegoak galdu dituzte edo, kasurik onenetan, mantendu egin dituzte; eta ez zeukatenek, bulegorik gabe jarraitzen dute. Lekunberri da salbuespen bakarra: ez zegoen banketxe bulegorik herrian, eta azkeneko urteotan jarri dute bat.
21 udalerrik beren bulegoak galduta, 251 dira banketxerik gabekoak
Kontrako kasua 21 udalerritan gertatu da Hego Euskal Herrian, azkeneko 15 urteotan. Zeukaten bulego bakarra galdu dute horiek, eta bi kasutan, Loiun eta Iurretan, bi bulego izatetik zerbitzurik gabe geratzera pasa dira. Gipuzkoan, Elgeta, Bidania-Goiatz eta Aia dira beren bulegoa galdu dutenak; eta Nafarroan, Anue eta Jaurrieta. Araban bederatzi udalerrik galdu dituzte bulego guztiak, eta Bizkaian zazpik.
Zentzu horretan, kezkagarria da egoera, une honetan 251 udalerri baitira banketxe-bulegorik gabekoak, Hego Euskal Herrian. Gipuzkoan, 88 udalerrietatik 34 dira banketxeen bulegorik ez dutenak (%38,6), nahiz eta lurraldeko biztanleria osoaren %2,6 diren. Nafarroan, berriz, udalerrien erdia baino gehiago da banku-bulegorik ez duena: 272 udalerritik 147 (%54). Biztanleriaren %6,7a dira horiek.
Badago kasu deigarririk herri txikietan, eta Ariberena da denetan deigarriena: 34 biztanle zeuzkan iaz, eta bi banketxe bulego, lehendik ere bazeudenak. 100 biztanletik beherako herri bakarra da Aribe, Hego Euskal Herri osoan, banketxe-bulegoa daukana. Herri txikienen hurrenkeran, honakoak dira bulegoren bat daukatenak: Torres del Río (117 biztanle), Nabaskoze (121 biztanle) eta Zare (130 biztanle). Aldiz, Berriobeiti da banketxerik gabeko herri haundiena (7.541 biztanle), eta ez dute bulegorik Iurretak (3.738 biztanle) eta Zizurkilek (2.975 biztanle) ere, besteak beste.
Entitate nagusiei dagokienean, bosten esku daude Hego Euskal Herriko bulego guztien %80,8, 2023ko datuen arabera. Eta Urumea bailaran gertatu bezala, Caixabank (%20,52) eta Kutxabank (%19,58) dira bulego gehien dauzkatenak. Rural Kutxarenak dira %16,67, Laboral Kutxarenak %14,92, eta BBVArenak %9,17. Askoz ere gutxiago dira, gainera, Hego Euskal Herrian bulegoren bat duten entitateak. 40 banketxek zeuzkaten bulegoak 2008an, eta soilik 26 entitatek 2023an.
Datafono kopuruak, izugarrizko gorakada mende hasieratik
Aranoko kasuarekin aipatu bezala, ohitura aldaketa ere nabarmena izan da azkeneko urteotan: dirua ateratzetik, txartelarekin edo bizum bidez ordaintzera pasa dira asko. Bide horretan, oso haundia izan da kutxazainen eta datafonoen kopuruen bilakaera ere, erabat alderantzizkoa elkarren artean. Kutxazain kopurua gutxitu egin da, eta izugarri haunditu da datafonoena. Kasu honetan, Espainiako Estatuko datuak eman ditu Espainiako Bankuak. Kutxazainak 44.851 ziren 2000 urtean, eta 58.454ra haunditu zen kopurua 2006rako; baina ordutik etengabe egin dute behera, 2022an mende hasierako kopuruetara bueltatzeraino (45.233).
Datafonoena, berriz, sekulako gorakada izan da: 802.698 terminal zeuden 2000 urtean; 1.385.839 izatera pasa ziren 2006rako; eta azkeneko urteotan beste milioi bat gehiago jarri dituzte, 2022an 2.361.832 izateraino.
Edonola ere, esku diruak jarraitzen du izaten ordaintzeko modurik erabiliena, azkeneko urteotan behera egin duen arren. Adin tarte guztietan da horrela, gainera, Espainiako Bankuaren 2022ko datuen arabera. 55 urtetik gorakoek ordaintzen dute esku dirutan gehien (%70 inguru), baina 25-39 urte bitartekoetan ere ia %60koa da erabilera, eta %65 ingurukoa 40-54 urtekoetan. Horren ondoren, txartela da modu erabiliena, eta askoz ere neurri txikiagoan mugikorra edo bestelakoak. Joera hori pixkanaka iraultzen ari da, dena den, eta izango du loturarik banketxeen bulego kopuruaren bilakaerarekin, datozen urteetan ere.