Patata tortilla dastaketa egingo da, gaur goizean zehar, Tilosetan Korrika Egunaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 00:00
Dinokorrika Hernanin martxoaren 20an izango da.

Goizean, 11:00etan hasiko dira talde ezberdinak patata tortillak egiten. Astean zehar Korrika ezberdinak (Dinokorrikak, Korrika Txikiak eta Gazteak) izango dira Hernanin eta Astigarragan.

Korrikak bi egun osatuko ditu gaur eta bailaran sartzeko hiru egun besterik ez dira falta. Martxoaren 19an Leitzatik Goizuetarako bidean sartuko da eta Ereñotzu igaro ondoren, Hernanitik barrena irtengo da 21:45ak aldera, gutxi gorabehera. Jendea gogoz dago berriz ere bailaran bueltan izango baita gaur zortzi, martxoaren 23an. Orduan Urnietatik barrena sartuko da Hernanin arratsaldean eta Astigarragan barrena igaroko da ondoren.  

Hori dena gertatu aurretik, ekitaldiak antolatu dira herri guztietan Korrika Kulturalaren barruan eta Korrika Eguna ere antolatuko da Hernanin eta Astigarragan. 

Patata tortilla gustoko duenak aukera paregabe du gaur Tilosetan tortilla ezberdinak probatzeko. Antolatzaileek deia egin diete herriko taldeei (kuadrila, eragile, elkarte...) Tilosetara hurbildu eta patata tortilla egitera. 

11:00etan hasiko dira taldeak tortilla egiten. Osagaiak eta erabili beharreko tresnak-gailuak (kanping gasa, zartagina...) taldearen kontu izango dira eta tortillarik gozoena nork egin jendeak baloratuko du. Ez da esan beharrik, baina ezinbesteko osagaiak dira arrautza eta patatak. Hortik aurrera bakoitzak nahi duena (tipula, piperra, kuiatxoa...). Tortillak 12:30etarako bukatuta egon behar du.

Horrez gain, biharko irakurtaldi ibiltari herrikoia ere antolatu dute.

Hernaniko Dinokorrika, adinekoen Korrika, asteazkenean martxoaren 20an ospatuko da. Elkarte ezberdinetako kideen artean pasako dute lekukoa goizean zehar, 10:00ak aldera.

Bi egun beranduago, martxoaren 22an, gazteenek hartuko dute erreleboa. 10:30etan Korrika Txikia abiatuko da. Hernaniko ikastetxe guztiek hartuko dute parte korrika herrian zehar. Arratsaldean, 15:30etan, haurreskolakoen txanda izango da Sagastialde inguruan.

Astigarragan Korrika Eguna gaur zortzi izango da

Egun haundia Astigarragan gaur zortzi, martxoaren 23an izango da. Korrika Astigarragan 17:54an sartuko da eta aurretik eta ondoren ekitaldiak antolatu dira egun guztian zehar. Goizeko 09:30etan diana txistulariekin izango da eta 10:00etan Mundarroko gazteen arteko pelota partiduak antolatu dira Txomiñenen. 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira eta 12:00etan plaza dantzak, Joseba Barandiaran plazan. 

Eguerdiko plater nagusia herri bazkaria izango da. Aiztondo eta Bapo Kantari taldeekin 13:30etan hasiko da bazkaria Foru Plazan. Indarrak hartuko dituzte 17:54an herrian sartuko den Korrikan korri egiteko. 

Korrika Astigarragan barrena dabilen momentuan elektrotxarangak herriko kaleak alaituko ditu. Korrika Egunaren bezperan txikienen, helduenen eta gazteen Korrika bereziak izango dira. Haurrek Korrika Txikian parte hartuko dute 10:00etan eta Galtzaurreko helduek (Dinokorrika) emango diote bukaera Herri Eskolako patioan. Iluntzean, 20:00etan herriko gazteek Korrika Gaztean hartuko dute parte.

 

Zirko tailerra, bihar Ereñotzun

Bihar, berriz, zirko tailerra egingo dute Ereñotzuko Frontoian arratsaldeko 17:00etan, eta antolatzaileek jakinarazi dute adin guztietarako prestatutako tailerra izango dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!