Hodei Lujanbiok zilarra Espainiakoan, 40 urtetik gorakoen kategorian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 00:00
Hodei Lujanbio (eskuinean) Murtzian, Nafarroako selekzioko taldekideekin.

Nafar selekzioarekin aritu zen Murtzian, eta bigarren sailkatu zen bere adin tartean; guztira, 27garren.

Murtzian jokatu zen, aurreko asteburuan, mendi lasterketen Espainiako Txapelketa, 21 kilometroko ibilbidean. Bertan aritu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, Nafarroako selekzioak deituta; eta proba bikaina osatu zuen: 27garren sailkatu zen, 1:50:45 denborarekin. Sari potoloa lortu zuen, gainera, bere adin tartean bigarren onena izan baitzen Lujanbio, 40 urtetik gorakoetan, Extremadurako Daniel Remonen atzetik (1:49:30). Hori horrela, podiumera igo eta zilarrezko domina kolkoratu zuen. 

Maila absolutuan, Alejandro Garcia murtziarra izan zen azkarrena gizonezkoetan (1:40:57), eta Onditz Iturbe igorretarrak lortu zuen garaipena emakumezkoetan (1:57:49).

Taldekako txapelketa ere jokoan zegoen, eta Nafarroako selekzioa laugarren izan zen gizonezkoetan, 5:25:20 denborarekin, taldeko hiru onenen denborak kontutan hartuta; tartean, Hodei Lujanbiorena. Aurretik izan zituzten Murtzia (5:07:35), Katalunia (5:14:42) eta Euskal selekzioa (5:21:12). Emakumezkoetan, berriz, Katalunia (6:10:18), Euskal selekzioa (6:10:56) eta Valentzia (6:18:53) izan ziren podiumean.

 

Leire Aranzeta seigarren, Mahasti Krosean

Etxetik gertuago, Ma­hasti Krosa jokatu zen joan den igandean, Zarautzen. Bertan izan zen Leire Aranzeta hernaniarra, eta seigarren postua eskuratu zuen, emakumezkoen artean. 49:33 denboran osatu zuen 7 kilometroko ibilbide gorabeheratsua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!