Sailkapena iraultzen saiatuko da Ibon Miner, Herreran irabazi ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 00:00

Ereñotzuarra izan zen onena aurreko igandean, Lehendakari Txapelketaren hirugarren tiraldian; eta bost brila aurretik dauka Jokin Izagirre liderra.

Bihar jokatuko dute, Mutiloan, Lehendakari Txapelketaren azkeneko tiraldia, laugarrena. Eta balentria oso zail daukan arren, garaipenaren bila joango da Ibon Miner ereñotzuarra. Une honetan bigarren dago gizonezkoen sailkapenean, 135 brilarekin. Bost gehiago dauzka Jokin Izagirre liderrak, 140 brila. Atzetik, 130ekin daude Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Mikel Arroio hernaniarra, laugarren eta bosgarren.

Emakumezkoetan, berriz, bosgarren dago Rosa Santos astigartarra, 105 brilarekin; eta seigarren Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, 100ekin. Posturen bat edo beste gora egiten saiatuko dira biak, baina ezinezkoa daukate Beatriz Unzue liderrari aurrea hartzea, 130 brila bota baititu orain arte.

 

Herreran onena, Ibon Miner

Aurreko igandean egin zuen go­ra Ibon Minerrek, bigarren postura, Herrerako tiraldian onena izan ondoren. 48 brila bota zituen ere­ñotzuarrak, Saigots Iglesiasek, Mikel Lazkanok eta Jexux Atorrasagastik adina; eta desenpatean gainditu zituen. 47 bota zituen Jokin Izagirre liderrak, kontrarioei askorik gerturatzeko aukerarik eman gabe.

Emakumezkoetan, bosgarren izan zen Rosa Santos Herreran, 43 brilarekin; Goretti Beloki ira­bazleak baino lau gutxiago. Are finago ibili zen astigartarra aurrekoan, Belauntzan, txapelketaren bigarren tiraldian. Hirugarren sailkatu zen orduan, 46 brilarekin. Estreinako tiraldian egin zion Lehendakari Txapelketaren garaipena lehiatzeko aukerak astigartarrari, 16 brila besterik ez baitzituen bota Ereñotzun.

Biharko tiraldiarekin geratuko da sailkapena erabakita, Mutiloan. Ohiko ordutegian ariko dira bolariak bertan: goizez, 09:00etatik 11:00etara; eta arratsaldez, 16:30etatik 17:30etara.

Toka txapelketa ere izango da jokoan Mutiloan bertan, bolatokiaren ondoan, ordutegi berean. Herreran, Leandro Miner ereñotzuarra eta Rosa Santos astigartarra izan ziren bailarako onenak tokan, 10garren eta 11garren, burnia bost bider jota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!