Martxa hartuta dagoeneko Urumea bailarako Korrika Kulturalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 00:00
2022an Korrika Astigarraga zeharkatzen, Petritegiko familiak lekukoa hartuta.

Ostiralerako, astigartarrek Korrika kontzertua antolatu dute, Erriberan. Gainontzeko herrietan ere ekintzak egingo dituzte datozen egunetan.

Etzi abiatuko da Irunetik Korrikaren 23garren edizioa, eta Euskal Herriko txokoak zeharkatu ostean, Baionan amaituko da martxoaren 24an, ''Harro Herri lelopean. Urumea bailarako herri guztiak zeharkatuko ditu Korrikak eta martxa hartzeko, Korrika kulturalean burubelarri murgilduta dabiltza, bailarako herritarrak.

Ostiralean, astigartarrek Korrika Kontzertuaz gozatzeko tartea izango dute, Erriberan; Norberto Almandoz musika eskolak antolatuta, AEK Euskaltegiaren eta Udalaren laguntzarekin. Herriko hainbat elkartek eta taldek, Korrikako kantak eta euskerazko abesti ezagunak abestuko dituzte, musika eskolako musikarien laguntzarekin. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta doakoa izango da. Martxoaren 23an igaroko da Korrika Astigarragatik, eta 22an, haurrak izango dira protagonistak aurrena, Korrika Txikian parte hartuz. Arratsaldean, berriz, gazteek hartuko dute lekukoa, herriko zenbait txoko zeharkatuz. 

Astigarragan ez ezik, Hernanin, Ereñotzun eta Goizuetan ere datozen egunetarako zenbait jarduera antolatu dituzte, Korrika Kulturalaren baitan. Hernanin Diskorrikak hartuko du nagusitasuna ostiralean, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Eguraldi ona eginez gero Tilosetan izango da, aldiz, euria eginez gero, Atsegindegira lekualdatuko dute. Hernaniarrek, martxoaren 16an ospatuko dute Korrika eguna: goizeko 11:00etan hasita patata tortilla prestaketa eta dastaketarekin, Tilosetan. Horrez gain, 17rako irakurtaldi ibiltari herrikoia ere antolatu dute. 

Ereñotzuarren kasuan, umorez zipriztinduko dira ostiralean. Izan ere, 'Ttipi-ttapa' bakarrizketa antolatu dute, arratsaldeko 19:00etarako, Ludotekan. Martxoaren 17an, berriz, zirko tailerra egingo dute Frontoian arratsaldeko 17:00etan, eta antolatzaileek jakinarazi dute adin guztietarako prestatutako tailerra izango dela. 

Goizuetarrek,  bertso zaharren afaria antolatu dute martxoaren 15erako, eta bertan izanen dira Imanol Kamio; Unai eta Eñaut Agirre. Umore Ona elkartean izanen da, gaueko 21:00etatik aurrera. 

Martxoaren 19an, berriz, bat egingo dute Korrikarekin goizuetarrek eta Ereñotzuarrek, eta hernaniarrek, berriz, 23an. 

 

KORRIKA KULTURALA

ASTIGARRAGA

MARTXOAK 15

19:30 Korrika kontzertua Erriberan.

MARTXOAK 22

10:00 Haurren korrika

20:00 Gazteen korrika

MARTXOAK 23

Korrika eguna

HERNANI

MARTXOAK 15

17:30-19:30 Diskorrika. Gaztetxoentzat disko festa. Tilosetan (eguraldi txarra egiten badu, Atsegindegin).

19:00 Hernaniko Bertso Eskolako kideen bertso saioa. Guria tabernan.

MARTXOAK 16

11:00 Patata tortilla prestaketa eta dastaketa, Tilosetan.

MARTXOAK 17

12:00 'Bere egin ninduen herria' irakurraldi ibiltari herrikoia. Udal Euskaltegian hasi eta AEKn bukatuko da saioa.

GOIZUETA-ARANO

MARTXOAK 15

21:00 Bertso zaharren afaria; Imanol Kamio, Unai Agirre eta Eñaut Agirre. Umore Ona elkartean.

MARTXOAK 19

18:30 Denok Korrikara!

EREÑOTZU

MARTXOAK 15

19:00 Ttipi-ttapa bakarrizketa. Ludotekan

MARTXOAK 17

17:00 Zirko tailerra frontoian.

MARTXOAK 19

18:00 Musika, pintxoak eta txokolatada, Katiluzar Guraso elkartearen eskutik.

Gero, Korrikarekin bat!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!