Euskal Ligan, Hernani golik gabeko berdinketarekin itzuli da Santurtzitik

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 00:00

Ohorezko Erregional mailako taldeak 0-3 galdu du Aretxabaletaren aurka, eta Mundarrok etxean bina berdindu du Usurbilen kontra.

Bigarren astez jarraian emaitza berberak lortu dituzte bailarako futbol talde nagusiek. Euskal Ligan, Hernaniko neskek 0-0 berdindu zuten Santurtzin, Peña Atheticen aurka. Zapore gazi gozoarekin amaitu zuten. Burua altxa ezinik dabiltzanak Ohorezko Erregionaleko mutilak dira. Bosgarren partidua jarraian galdu zuten. Oraingoan, 0-3 Aretxabaletaren aurka. Preferente mailan, Mundarroko mutilek bigarren astez jarraian bina berdindu zuten, Usurbilen kontra.

 

Jubenil Nazionalak, 1-0 irabazi

Hernaniko mutil jubenilen Nazional mailako taldeak ere aurreko asteko emaitza berdina eskuratu zuen, 1-0eko garaipena. Oraingoan etxetik kanpo, Santutxun (Bilbon), lortu zuen garaipen garrantzitsua, eta sailkapenaren erdiko postuetan, hamargarren, kokatu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!