Barandiaranek irabazi du trinketeko txapela, astigartarren arteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 00:00

Gurutzealderi 40-33 irabazi dio nagusien finalean. Manterola eta Oses ere izan dira azpitxapeldun.

Xabier Barandiaran astigartarrak Gipuzkoako Trinkete Txapelketa irabazi zuen Iruran, pasa den larunbatean, finalean Oier Gurutzealde Mundarroko taldekide eta herrikidea 40-33 garaitu eta gero. Binakako finalean elkarrekin azpitxapeldun izan ondoren, banakakoan nagusi izan ziren, eta batez ere Barandiaranek maila bikaina erakutsi du txapela merezimendu guztiz irabaziz.

Ez zuten zorte berdina izan Hernaniko pelotariek. Unax Manterolak, bigarren mailako seniorren finalean, 40-25 galdu zuen Esnaolaren (Behar Zana) aurka. Porrota jaso arren, pelotari hernaniarra zoriondu du C.D. Hernanik jokatu duen torneoagatik eta lehenengo mailara igotzea lortzeagatik. 

Kadeteetan, berriz, Ekhi Osesek 30-29 galdu zuen Otaegiren aurka (Behar Zana). Nahiz eta galdu, «pelotari hernaniarra eta bere aurkaria zoriondu behar dira, maila honetan gutxitan ikusten den kalitatea duen finala eskaini baitziguten», dio C.D. Hernanik.

 

Ekhi Osesek, Zizurren txapela

Hala ere, Ekhi Osesentzat asteburua ona izan da. Zizurren Lau t'erdiko Torneoko finalean txapela lortu zuen. 18-4 irabazi zion Antimasberesi (Lagunak), maila bikainean jokatu eta gero. Hau da C.D. Hernani taldeko esku pelotariek denboraldi honetan irabazi duten bederatzigarren txapela, eta Ekhi Osesek irabazi duen laugarrena.

Asteburuan bertan, esanguratsua izan da Umore Onaren azken garaipena, Espainiako Kluben Arteko Txapelketan. Eñaut Lizeagak, Ezcaraiko Jaime Altuzarra erraz gainditu zuen, eta Iker Egiguren eta Antton Apezetxea bikoteak ere ez zuen arazorik izan aurkariak gainditzeko. Igandeko finalera sailkatu dira. Aurkaria, Najerinoren eta San Cosmeren arteko finalerdietatik aterako da larunbatean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!