Alize Sagardui Masters Cup finalera, eta Nafar Jokoetan txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 00:00

Alize Sagarduik txapela jantzi zuen Labriten, NKJetako kadeteen finalean.

Uxue Gomezekin bikote osatuz, finala hilaren 17an jokatuko du Arrasaten.

Alize Sagardui goizuetarra protagonista izan da asteburuan. Master Laboral Kutxako eskuz binakako txapelketan, finalera sartu da pelota mistoko gazte mailan. Uxue Gomezekin bikote eginez, 18-8 irabazi zieten Irene Azkona eta Naia Uriarte bikoteari, Elgoibarren. Finala Arrasaten jokatuko dute Gomezek eta Sagarduik, Ainhitze Arratibel eta June Agirrebeitia bikotearen aurka.

Alize Sagarduiren asteburua ezin hobea izan zen. Nafarroako Kirol Jokoetako txapela jantzi zuen kadeteetan, finalean Larraungo Sotil 22-18 garaituta.

Eñaut Lizeagak ezin izan zuen txapela jantzi Lesakan, Arkupe txapelketan. Atzelari bezala jokatu zuen Oihan Etxeberriarekin, Amianoren eta Landaren aurka, eta 22-16 galdu zuten. Zumarragan, Memorial Goñin, finalerdietara sailkapena lortu zuen Olidenekin batera, Egiguren-Apezetzea bikotea 22-7 garaitu eta gero. 

 

Oses eta Manterola trinketean, finalistak

Gipuzkoako trinkete txapelketako finalerdietan, Ekhi Oses kadeteak 30-14 irabazi zion Zufiriari (Behar Zana) eta finala Otaegiren (Behar Zana) aurka jokatuko du.
Bigarren mailako seniorretan, Unax Manterolak, 40-37 irabazi zion Azkoitiari (Oteiza) eta finala Esnaolaren (Behar Zana) aurka jokatuko du. Gainera hurrengo denboraldian lehenengo mailan jokatzeko eskubidea lortu du. Esnaolak Jon Jara hernaniarra gainditu zuen eta finala hernaniarra izatea saihestu zuen. Finalerdietatik kanpo ere geratu zen Zabala astigartarra. Mundarroko pelotariak 20-35 galdu zuen Epleko Lizarazuren aurka. Beraz, Barandiaran, Gurutzealde, Oses eta Esnaola finalean arituko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!