Korrika Kulturalaren barruan 'Bizkarsoro' filma eskainiko da gaur Astigarragan eta Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 3a, 00:00

Martxoaren 23an iritsiko da Astigarragara Korrika eta 17 eragilek eramango dute lekukoa. Aurretik, Korrika kulturala hasiko da gaur.

Korrikaren 23. edizioa martxoaren 14an abiatuko da Irundik eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du hamar egunetan, Harro Herri lelopean. Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Martxoaren 23an, 17:54an iritsiko da Astigarragara, eta herrian barrena ibiliko da. Lekukoa eramango duten 17 eragileek hartu dituzte kilometroak Korrikaren eta euskararen babesle gisa, tartean Udala.

Korrika heldu aurretik ere hainbat ekitaldi egingo dira herrian euskera eta Korrika ospatzeko. Korrika Batzordeak Korrika Kulturalaren baitan antolatu ditu ekitaldi hauek. Aurten ere, Udalak babes osoa eta konpromiso irmoa adierazi nahi izan dio Korrikari, eta beste herri eragile batzuekin elkarlanean aktiboki aritu da batzordean. Horretaz gain, Udalak beste ekarpen batzuk ere egin nahi izan ditu, hala nola hilaren 23ko bazkarirako egin duena, herritarrek bazkariko txartelak merkeago lor ditzaten.

Korrika Kulturala gaur hasiko da Astigarragan Bizkarsoro pelikularen proiekzioarekin. 19:00etan Erriberan kulturgunean. Goizuetan ere pelikula berdina eskainiko da gaur, 18:00etan, Ganbaran.

 

'Badon' ostegunean, Hernanin eta gaur zortzi, Astigarragan

Gaur zortzi, Astigarragan Badon opera postdramatikoaz gozatu ahal izango da 19:00etan Erriberan eta Hernanin, berriz, ostegunean eskainiko da Badon Biterin, 19:30etan.

 

Korrika eguna Astigarragan, hilaren 23an

Martxoaren 23an iritsiko da Korrika Astigarragara eta egun horretarako Korrika Eguna antolatu da. Diana (09:30), pilota partiduak (10:00), plaza dantzak Joseba Barandiaran plazan (12:00), herri bazkaria Aiztondo eta Bapo Kantarirekin (13:30), Korrikaren iritsiera (17:54) eta elektrotxaranga (18:30) izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!