Hustuketa kontrolatua egin du Añarbek, azkeneko bi egunetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 1a, 17:26

Asteazken goizean hasi zuen hustuketa kontrolatua, 38 metro kubiko segunduko emariarekin; eta une honetan 5 metro kubiko segundukoa da. %83,62ra jaitsi da urtegiaren betetze-maila, eta 1,056 metrokoa da Urumea ibaiaren maila Ereñotzuko estazioan.

Aste hasierako euriteekin pilatutako ur kopuruari eutsi zion Añarbeko urtegiak, Urumea ibaiaren maila nabarmen jaitsi arte, maila laranjan sartu baitzen ibaia Ereñotzuko estazioan, 2,289 metrora iritsita. Ibaiaren mailak behera egin zuen astearte eguerditik aurrera, eta asteazken goizean hasi zuen prebentziozko hustuketa kontrolatua Añarbek, urtegian babeslekua lortzeko. Une horretan, %90,13koa zen urtegiaren betetze-maila; Urumearen maila, berriz, 1,3 metro inguruan zegoen, Ereñotzuko estazioan.

Aurrena, 38 metro kubiko segunduko hustu zituen Añarbek, asteazkeneko 10:45etan hasita, osteguneko 15:30ak aldera arte. Orduan, segunduko 15 metro kubira gutxitu zuten hustutze-emaria. Gaur goizean, berriz, segunduko 5 metro kubikora jaitsi dute, 11:00ak aldera. Hori da beheko hustubidearen emaria une honetan, eta %83,62koa da urtegiaren betetze-maila.

Asteazkenean hustuketa hasi eta hurrengo ordubetean, 1,311 metroko mailatik 1,564 metrokora igo zen Urumearen emaria Ereñotzuko estazioan, baina ordutik beheranzko joera hartu du berriro, pixkanaka baina etengabe. Hustuketaren emaria 15era jaitsi zenean, beherakada nabarmena izan zuen ibaiaren mailak ere, atzo arratsaldean, 1,375 metrotik (15:10etan) 1,174 metrora (16:10etan). Une honetan, 1,056 metrokoa da Urumearen maila Ereñotzun.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!