Etxean defendatuko dute lehenengo postua Umore Onako pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 2a, 00:00
Antton Apezetxea goizuetarra, artxiboko irudian.

Goizuetan jokatuko dituzte Espainiako Txapelketako partiduak, arratsaldeko 18:30etan hasita.

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte Goizuetan kluben arteko Espainiako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko partiduak. Ligaxkako azken jardunaldietara lehenengo postuan iristea lortu du Umore Onak, eta postuari eutsi nahi dio Pelota 22 A taldeari irabazita.

Binakako partiduan Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea arituko dira. Banakakoan, berriz, Iker Egigurenek jokatuko du. Gaurko aurkariak sailkapeneko azpialdean daude, jokatutako 14 partiduetan 3 garaipen eta 11 porrot jasota. Umore Onak, berriz, 12 garaipen eta 2 porrot ditu. Gaurko jaialdia arratsaldeko 18:30etan hasiko da.

 

Trinketeko finalerdiak, asteburuan

Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte asteburu honetan. CD Hernaniko hiru pelotari eta Mundarroko bat arituko dira bertan.

Hernaniarren kasuan, Ekhi Oses kadeteak Behar Zana taldeko Zufiriaren aurka jokatuko du; Jon Jara seniorrak Behar Zanako Esnaolari egin beharko dio aurre; eta Unax Manterola senuorrak Azkoitiako Oteiza izango du aurkari. Hiru partiduak Iruran jokatuko dituzte. Mundarroko Zabala ere bertan arituko da, Eple taldearen kontra.

 

Hernaniko palistak ere finalerdietan

Pelota partiduez gain, Euskal Herriko elite mailako txapelketako finalerdietan arituko dira Irazustabarrena (Saezekin batera) eta Galdos (Igoarekin batera). Gaur, 15:30etan, Villabonan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!