Martxoaren 8an afaria, poesia emanaldia eta erritmo afrikarrak, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 00:00
Bederatzi egun falta dira martxoaren 8rako.

Ur Mia elkartean afaria eta poesia emanaldia izango da, 15 euroren truke. Sarrerak salgai daude bihar arte Irrintzin, Ereñotzuko dendan, Auzo Udalean edo 627 669 753 telefonoan.

Martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da eta dagoeneko antolatu dira hainbat erreibindikazio ekitaldi Urumea bailaran. Ereñotzun, esaterako, egitarau berezia pres­tatu dute aurten, Olak Auzo Elkar­teak eta Katiluzar Guraso Elkarteak. Arratsaldean hasiko dituzte ekitaldiak.

15:45etan, eskolako patioan, erritmo eta dantza afrikar modernoen bidez aldakak mugituko dituzte, «gure lekua hartzeko». 18:30etan, auzoan bertan elkartuko dira Hernaniko manifestaziora joateko; eta ondoren, auzora itzuliko dira afaltzeko eta poesia emanaldiaz gozatzeko.   

20:30etan hasiko da afaria Ur Mia elkartean, eta bertan afaltzeko sarrerak salgai daude, 15 euroan, Irrintzi tabernan, Ereñotzuko dendan, Auzo Udalean edo 627 669 753 telefono zenbakian. Erosteko azken eguna biharkoa da. Afariko menua honakoa izan­go da: sarrerakoak, paella, sagar tarta eta kafea. Eta afaldu ondoren, Mejillon Tigre Punk poe­sia emanaldia izango da. Sarrera irekia da horretarako.

Martxoaren 10ean, azkenik, hel­duentzako 80 amandre izeneko ipuin kontaketa izango da, Dorleta Kortazarren eskutik, 19:00etan hasita Ludotekan.

 

Goiz Eguzkin bi jarduera antolatu dituzte

Hernaniko Goiz Eguzki jubilatuen egoitzan, bestalde, martxoaren 8ra­ko bi ekitaldi antolatu dituzte. Alde batetik, azken urteetan be­­zala, 80 lagunentzako babarrun jatea izango da. Postrea eta kafea ez dira faltako. 11,5 euroren truke izena eman behar da eta lehenengo 80ek izango dute lekua. Ondoren, arratsaldeko 17:30etan, Goiz Eguzki Abesbatzako emakumeek kontzertua eskainiko dute, areto nagusian.

Egun horretarako, bailaran osoan antolatuko dira mobilizazioak, eta eguna hurbildu ahala argitaratzen joango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!