Añarbeko presa itxita, Urumea ibaiaren maila «nabarmen jaitsi arte»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 28a, 08:24

Gipuzkoako beste ibai batzuetan baino eragin txikiagoa izan zuten atzo euriteek Urumea ibaian, baina gainezka egin zuen zenbait tokitan. Bere onera itzultzen ari da.

Etengabeko euriteak izan ziren atzoko egunean zehar, eta astelehenetik astearterako gauean. Goizuetan pilatu zen Euskal Herri osoan euri gehien, 212 litro metro karratuko.

Prezipitazioek oso eragin kaltegarriak izan dituzte Kantauri isurialdeko ibaietan, eta baita Urumean ere, baina beste ibai batzuetan baino txikiagoak. Urak gainezka egin zuen Andre Gobadarien ibai parkean edota Landareko errugbi zelaian, besteak beste; eta zenbait lurjausi izan ziren, Goizueta eta Leitza arteko errepidea eten zutenak. Ibaiaren emariak atzo eguerdiko 12:30etan jo zuen goia Ereñotzuko estazioan, 2,289 metrora iritsita; baina atzoko arratsaldearen hasieratik etengabe egin du behera ibaiaren mailak, eta 1,378 metrokoa da une honetan.

Añarbeko urtegiak ere nabarmen egin du gora, euriteen eraginez. Atzo arratsaldeko 15:00etan, %84koa zen urtegiaren betetze-maila, 24 ordu lehenago baino %8 haundiagoa, 24 ordu horietan 151 litro pilatu baitzituen metro karratuko. Mailak gora egiten jarraitu du ordutik, eta une honetan %90,17koa da bere maila. Edonola ere, hustubideak itxita dauzka urtegiak, ohiko emari ekologikoa (1,56 metro kubiko segunduko) eta hornidurako emaria (0,92 metro kubiko segunduko) izan ezik. Eta aditzera eman dute, presak itxita jarraituko duela eta ez dutela hustuketarik egingo Urumea ibaiaren maila nabarmen jaitsi arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!