Lau garaipen eta hiru txapela lortu ditu Umore Onak, asteburu oparoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 27a, 00:00
Espainiako Txapelketako ligaxkan lehenengo postuan dago Umore ona.

Espainiako kluben arteko txapelketan lehenengo postuan daude goizuetarrak, bi jardunaldiren faltan.

Asteburu ezinhobea izan da Goizuetako Umore Ona taldearentzat. Asteburuan jokatutako partidu garrantzitsuak irabaztea lortu dute pelotariek, eta hiru txapela eskuratu dituzte. 

Nafarroako Kirol Jokoetan, Adur Sagarduik eskuz banakako finala irabazi zuen, kadete 3. mailan. Irurtzuneko Razquinen aurka jokatu zuen Lekunberrin, eta 22-10 amaitu zen partidua. Beste bi txapelak Nafarroako Kluben Paleta Txapelketan eskuratu dituzte Narbartek eta Bernaldok. Labriten jokatu zuten Txaruta taldearen aurkako partidua, eta lehia estua izan bazen ere, 25-20 gailendu ziren Umore Onako palistak. 

Espainiako kluben arteko txapelketan ere emaitza bikainak lortu ditu Umore Onak. Pradejon taldearen aurka aritu ziren, Pradejonen bertan, eta bi garaipenekin itzuli ziren Goizuetara. Banakako partiduan Iker Egigurenek 1-2 irabaztea lortu zuen, eta binakakoan Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea 0-2 gailendu ziren. Ligaxkako azken bi jardunaldien faltan, lehenengo postuan dago Umore Ona. 

 

Asteburu gazi gozoa CDHko pelotarientzat

Ez da hain asteburu atsegina izan CD Hernaniko pelotarientzat. Emaitzarik onenak Zizurenko 4 t'erdiko txapelketan eskuratu zituzten. Finalerdietan aritu ziren Oier Arsuaga infantila eta Ekhi Oses kadetea, eta biek lortu dute finalerako txartela. Martxoaren 9an jokatuko dituzte finalak. 

Gainontzean, Euskal Ligan Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak ezin izan zuten irabazi Lapke taldeko bikotearen aurka (22-11), eta Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finaletik kanpo geratu da Iñigo Labaka seniorra, Mundarroko Barandiaranen aurka 40-17 galdu ondoren. 

 

Finalerdietako ligaxkatik kanpo geratu da Exposito

Larunbatean jokatu zituzten promozio mailako Binakako Txapelketako play offak, Larrainzarren. Expositok eta Gaskuek ezin izan zuten irabazi, eta bertan bukatu zen bikotearen ibilbidea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!