EAEko 300 familia behar dira, uda honetan 8 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 27a, 00:00
Pasa den astean prentsaurrekoan aurkeztu zen aurtengo Oporrak Bakean ekimena.

«Oporrak Bakean harrera-programa bat baino gehiago da, Mendebaldeko Saharan konpondu beharreko gatazka politikoa dagoela gogorarazten duena», dio Saharako Euskadiko Ordezkaritzak.

Saharako Euskadiko Ordezkaritzako Oporrak Bakean programa laguntzen duten udalak eta ekimena posible egiten duten harrera elkarte eta familietako ordezkariak Donostiako Ernest Lluch kultur etxean bildu ziren datorren udarako komunikazio-kanpaina berriaren eta helburuen berri emateko.

Mohamed Fadel Mojtarrek, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, haur sahararrak udan hartzeko programaren testuingurua azaldu zuen, baita programa horrek errefuxiatuen osasunerako duen garrantzia ere. Horrez gain, sahararrak Marokoko erregimenak okupatutako lurraldean, errefuxiatuen kanpamentuetan eta diasporan sakabanatuta egotera behartzen dituen Mendebaldeko Saharako gatazka eta egoera ezagutarazteko ere balio duela adierazi zuen.

Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak Elkarteko kideak argitu zuenez, pandemia garaian bi urtez geldirik egon ondoren, «oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea (153 parte-hartzaile 2022an eta 183 2023an). Uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukera eskaini nahi diete, beraz familia kopuru bera beharko da, edo aterpetxeetan hartzeko baliabideak eskuratzea.

 

«Ez da erraza ekimena aurrera eramatea»

«Ez da erraza Oporrak Bakean ekimena aurrera eramatea», ziurtatu du Garazik; izan ere, «Saharako, Aljeriako eta Espainiako gobernuek, autonomia-erkidegoek eta foru- eta udal-erakundeek esku hartzen dute, gizarte-zerbitzuetako eta lankidetzako sailen bitartez. Konplexutasunez betetako engranajea da, pertsona askoren bultzada eta borondate onik gabe bideratuko ez litzatekeena. Horietako batzuk dira gaur hemen bildu direnak».

Azkenik, Estibaliz Barriok zure familia propioan haur saharar bati harrera egitea nolako esperientzia den azaldu zuen. Haurrarentzat eta haien senideentzat suposatzen duen esperientzia pertsonala nabarmendu zuen. «Sekulako abentura», ziurtatu zuen Estibalizek.

Jarduera aipagarrienak bisita medikoak, hondartzara edo igerilekura egindako txangoak, udalerrietako harrera jaialdiak... dira, eta, horretarako, Euskadiko saharar kolektiboaren, Saharar Ordezkaritzaren, Oporrak Bakean sustatzen duten elkarteen eta Saharako enbaxada txiki honi esperientziak eta bisitak eskaintzen dizkioten klub eta pertsonen babesa dute. Interesa dutenek informazio gehiago eskuratu dezakete www.oporrakbakean.eus-en, 943 33 70 17 telefonora deituta edo lankidetza@hernani.eus helbidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!