Korrika Kulturalak geldialdia egingo du ostegunean Biterin, 'eMcumeak' antzezlanarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 26a, 00:00

Itxaso Payá eta Maria Rivero dira 'eMcumeak' antzezlaneko protagonistak.

Euskal emakume sortzaileen egoerari buruzko emanaldia da, antzerkia, musika eta bertsoak uztartzen dituena. 19:00etan eskainiko dute.

Korrika iritsi bitarte, girotzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Urumea bailaran, Korrika Kulturalaren baitan, otsailerako eta martxorako. Ostegunean bertan izango da horietako bat Hernanin: 'eMcumeak' antzezlana eskainiko du Zelako Kultur Ideiak taldeak, Biterin, iluntzeko 19:00etan hasita.

Zuzeneko musika, bertsoak eta antzerkia uztartzen ditu Olatz Beobidek zuzendutako obrak, eta Maria Rivero eta Itxaso Payá aktoreak igoko dira oholtzara. Euskal emakume sortzaileen egoera irudikatzen du antzezlanak, umoretsu bezain kritiko. Kontratazio-bitartekaritza egiten duen eMcumeak bulegoan egiten dute lan biek, eta egunero jasotzen dituzte emakume sortzaileak behar dituzten bezeroen eskariak, baina konpetentziak eragindako oztopoak topatuko dituzte.

 

Zapotxin pailazoa eta 'Bizkarsoro' filma, asteburu honetan

Korrika Kulturalak hitzordu gehiago izango ditu aste honetan bertan. Goizuetan izango da hurrengoa, larunbatean: Zapotxin pailazo hernaniarrak emanaldia eskainiko du udaletxeko ganbaran, 17:30etan hasita.

Igandean, berriz, 'Bizkarsoro' filma izango da protagonista, bailarako bi herritan eskainiko baitute: Goizuetan 18:00etan, ganbaran; eta Astigarragan 19:00etan, Erriberan. Josu Martinezek zuzendutako fikziozko filma da, eta gogora ekarri nahi ditu euskeraz bizitzeagatik jazarriak izan ziren euskaldun guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!