Uholde moreak hartuko ditu Donostiako erdiguneko kaleak martxoaren 3an

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00
5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.

Hurrengo igandean izango da Donostiako Lilatoiaren 34. edizioa. Aurtengoan ere erdiguneko kaleak hartuko ditu uholde moreak, festa giroa eta aldarrikapenak uztartuta. 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, 10:30etan Boulevardetik abiatuta. 

«Kirolaren bidez emakumeak* ahalduntzea, osasuna, gizarteratzea eta talde-lana sustatuz». Horixe da Lilatoiaren helburua, eta 34. aldiz egingo dute festa giroko aldarrikapen lasterketa hurrengo igandean. Iaz 6007 korrikalarik hartu zuten parte, eta aurtengoan langa hori gaindituko du Lilatoiak, sekulako abiadan amaitu baitira dortsalak. 

Aurtengo edizioan ere Donostiako Boulevardean hasi eta bukatuko da lasterketa. Goizeko 09:30ak aldera jarri dute beroketa saioa egiteko hitzordua, eta ondoren 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, hiriko erdiguneko kale ezagunak zeharkatuta: goizeko 10:30etan Boulevardeko taxi geltokitik atera eta Hernani kalean barrena abiatuko dira; Askatasunaren hiribidera iritsitakoan eskuinera egin, eta Urbieta kalea osorik zeharkatuko dute, Prim kalean buelta eman eta gorantz itzultzeko; hortik aurrera, Urumea ibaiaren ondotik joango dira korrikalariak, eta Kursaal zubia zeharkatuta eta Groserako bidea hartuko dute; behin Grosera iritsita, Zurriola hiribidearen amaierara iritsi, eta buelta emango dute Saltxipi jatetxearen inguruan, Zurriola hiribidean barrena Boulevardeko helmugara iristeko. 

Jende ugari joango da Donostiara, parte hartzera zein Lilatoia ikustera, eta zenbait zerbitzu eskainiko dituzte antolatzaileek. Lasterketa egingo dutenenentzat, dutxak, kontsignak jarriko dituzte, eta lasterketa amaitzean janaria eta edaria izango dute eskuragarri udaletxe parean. Irisgarritasunari dagokionez, erdigunera garraio publikoan joan ahal izateko, egun horretan Renfek trenen maiztasuna haundituko du. 

Dortsalak martxoaren 1ean eta 2an jasotzeko aukera izango da Apalategi eta Zariquiegui dendetan, edota Donostiako Emakumearen etxean, establezimendu bakoitzaren ohiko ordutegian. 

 

Bigarren planoan geratuko dira denborak

Izaera bereziko lasterketa da Lilatoia. Festa giroa gailentzen da, eta, lasterketa bada ere, markak eta denborak ez dira garrantzitsuak izaten. Antolatzaileek horrela azaltzen dute Lilatoiaren izaera: «Ekimen hau ez da lehiaketa hutsa, emakumearen ahalduntzearen ospakizuna da, emakumeok edozein erronka gainditzeko dugun gaitasunaren eta determinazioaren etengabeko oroigarria». 

Lehiaketa hutsa ez denaren beste erakusgarri bat urteroko elkartasun keinua izaten da. Aurtengoan ere parte hartzaile bakoitzeko euro bateko dohaintza egingo diote Zaporeak proiektuari, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzeko martxan dituzten egitasmoei laguntzeko. 

 

M8ko aldarrikapenen iragarpena da Lilatoia

Kirola eta festa giroa uztartzeaz gain, aldarrikapen ugari ikusi ahal izango dira martxoaren 3an Donostiako kaleetan. 

Horiek jarraipena izango dute datozen egunetan talde feministek antolatutako askotariko jarduerekin, eta martxoaren 8an mobilizazioak egingo dituzte herri askotan.

 

 Giro ederra sortzen da Donostian.

 

Bailarako 248 emakumek parte hartu zuten aurreko urteko edizioan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!