«Administratiboki egoera irregularrean daudenek eskubidea izan behar dute euskera ikasteko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00

Aize Otaño, Alaine Aranburu eta Ane Elordi, agerraldian.

'Hizkuntzak mugarik gabe' ekitaldia egin zuten aurreko ostiralean Irunen, Korrika hasiko den hirian, AEKren eta Harrera Sarearen arteko elkarlanaren baitan. Horrekin lotuta, 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa ere antolatu dute.

Hitzordu berezia izan zuen aurtengo Korrikak joan den ostiralean, Irunen: 'Hizkuntzak mugarik gabe' izeneko ekitaldia egin zuten Oiasso museoan, AEK-Korrikaren eta Harrera Sarearen arteko elkarlanaren baitan. Bertan, aldarrikatu zuten «euskera ikasteko eskubidea» dutela administratiboki «egoera irregularrean daudenek ere»; eta horrekin lotuta, 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa aurkeztu zuten.

Ekimena hasi aurretik, agerraldia egin zuten bi eragileetako ordezkariek: Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak; Aize Otaño AEKko Artezkaritza Kontseiluko kideak; eta Alaine Aranburu Harrera Elkarteko ordezkariak. Korrika hasiko den hirian elkartuta, eta bertan «paperik gabeko herritar asko» biltzen direla baliatuz, adierazi zuten «herritar orori» bermatu behar zaiola «berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, herritarrei ezagutza doan eskainiz». Otañok gogorarazi zuen, «urtez urte» ari dela hazten eskubiderik gabe dauden pertsonen kopurua: «Zoritxarrez, herritar horiek ezin dute euskera doan ikasi, hemen eta orain, paperik ez izateak beren izatea bera ere ukatzen baitu. Horren aurrean, guk lau haizetara aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala; eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat direla».

Ildo horretatik, Elordik nabarmendu zuen euskeraren komunitatea indartzeko «ezinbestekoa» dela heltzen direnak «besoak zabalik» hartzea: «Haiek ere euskeraren herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea xamurtzeko erremintak ematea».

Aranburuk, bere aldetik, azpimarratu zuen «euskerazko kultur eduki asko» dagoela «mugen eta arrazakeriaren bueltan», eta horietako batzuek Irungo Harrera Sarea ere zeharkatzen dutela: «Gaurko ekimen hau oso aukera ona da euskarri eta sortzaile horiei plazatxoa emateko».

Hain juxtu, agerraldiaren ondorengo ekimenean hartu zuten parte horietako batzuek. Aurrena, 'Lehen saiakera' film laburra eskaini zuten, Natalia Berridi zuzendarietako bat bertan zela. Bere hitzartzean, ekitaldiaren ideia nagusiarekin bat egin zuen: «Administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonek, dauden tokian daudela, bertako hizkuntzak ikasteko eskubidea izan behar dute, eta haien egoerari ikusgarritasuna eman behar zaio».

Bertso sorta ere eskaini zuen ekitaldian Amets Arzallusek, 'Miñan' eleberriaren idazleak; eta dantza saioa eskaini zuen African Vibes bikoteak.

 

'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa, martxan

Ekitaldian bertan aurkeztu zuten 'Paperezko bizitzak' ipuin lehiaketa ere, «herritar guztiek euskera doan ikasterik ez dutela salatzeko asmoz». Partehartzaileek kontakizun laburra osatu beharko dute, euskeraz, administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen inguruan. A4 orrialde bakar batean aurkeztu beharko dira lanak, eskuz edo ordenagailuz idatzita, eta ezizenarekin sinatuta. AEKren edozein euskaltegitan entregatu daitezke, aparteko kartazal batean ezizena, izen-abizenak eta telefonoa zehaztuta; edo txapelketak@korrika.eus helbidera bidali, ezizena eta telefonoa zehaztuta.

Martxoaren 25era arte aurkeztu daitezke lanak, eta apirilean egingo dute sari banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!