Apaolazak eta Lizeagak Lapkeren aurka jokatuko dute sailkapena

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 00:00
Apaolazaren errematea aurreko koadroetan.

22-12 galdu zuten Oberenaren aurka, Euskal Ligan, eta hurrengo jardunaldian erabakiko da final- erdietarako sailkapena.

Asteburuan, Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak, 22-12 galdu zuten Oskozen eta Balerdiren (Oberena) aurka, Euskal Kluben Ligako Ohorezko Mailan, eta hurrengo jardunaldian partidu erabakigarria jokatu beharko dute, Hernanin. Lapke klubaren aurka irabazten badute, berriz, finalerdiak jokatzeko sailkatuko dira, galtzen badute kanporatuta geratuko dira. 

Espainiako Kluben Txapelketan, lehenengo Mailan, Goizuetako Umore Onak taldeak banakako eta binakako partiduak 2-0 irabazi zituzten eta emaitza hauei esker lehengo postuan jarri da sailkapenean, 22 punturekin, Najerinorekin berdinduta. Lehenengo sailkatua finalera zuzenean sailkatuko da. Eñaut Lizeagak 10-1 eta 10-7 lortu zuen garaipena Lagun Arteako Liher Kortazarren aurka; Beñat eta Antton Apezetxeak 10-4 eta 10-5 gainditu zituzten Lagun Arteako, Ander Etxegibel eta Aingeru Bernaola.

Gipuzkoako Banakako Trinkete txapelketan ere emaitza oso onak lortu dituzte bailarako pelotariek. Lehenengo mailan, Xabier Barandiaranek eta Oier Gurutzealdek erraz irabazi zituzten euren partiduak eta finalerdietara sailkatu dira. Finalerdietan Xabier Barandiaran, Iñigo Labaka hernaniarraren aurka lehiatuko da, eta Oier Gurutzealde, Epleko Chiapusoren aurka.  

Bigarren mailan Unax Manterolak final-laurdenak jokatuko ditu Zabalaren aurka (Zazpi Iturri). Jon Jarak, aldiz, finalerdia jokatuko du, Esnaola (Behar Zana) eta Azpirozen (Eple) arteko final-laurdenetako kanporaketako irabazlearen aurka.

Expositok finalerdietarako sailkapena jokatuko du, Larrazabal eta Eskirozen aurka

Profesionaletako Promozio Txapelketan Exposito eta Gaskuek ligaxkako azken partidua galdu egin zuten, ostiralean Altsasun, Zubizarreta eta Ugartemendiaren aurka 22-18. Seigarren amaitu dute eta igande honetan finalerdietara sailkatzeko kanporaketa jokatuko dute, Larrainzarren, Larrazabal eta Eskiroz bikotearen aurka. Salaberria kanpoan geratu da, Arbizurekin, zazpigarren amaitu eta gero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!