Astigarragako Udalak jakinarazi du, 970.055,52 euro bideratuko dituela dirulaguntzetara 2024an

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 18a, 00:00

Era berean, Hernaniko Udalak, 168.000 euro bideratu ditu etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzetara.

Astigarragako Udalak 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen urtarrileko Tokiko Gobernu Batzarrean. Eta plan honek, Udalak agintaldi honetan emango dituen dirulaguntza izendunak eta lehia askekoak jasotzen ditu. 

Astigarragako Udalak aditzera eman du, 2024an 970.055,52 euro erabiliko direla dirulaguntzetarako; «horietatik 661.983,33 euro dirulaguntza izendunetarako eta 308.072,19 euro lehiaketa irekiko dirulaguntzetarako. 31 dirulaguntza izendun aurreikusi dira eta lehia askeko 16 deialdi irekiko dira. Dirulaguntza horien helburua da baliabide ekonomikoak interes orokorreko ekimenetara bideratzea eta garapen ekonomikoari eta gastu sozialari laguntzea».

Plan estrategikoan aurreikusitako dirulaguntzak hamar arlotan banatzen direla azaldu du Astigarragako Udalak, eta zerrendatu egin ditu, ondorengo ordenean: «etxebizitza, ingurumena, merkataritza, berdintasuna, euskara, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, kultura eta jaiak, gazteria eta kirola».

Plana onartuta geratu denez, datozen hilabeteetan Udala elkarteekin hitzarmenak sinatzen eta ordainketak egiten arituko da, «baita lehia askeko dirulaguntzen deialdiak martxan jartzen ere», gehitu du. 

Honako hauek dira dirulaguntzen Plan Estrategikoan arlo bakoitzerako aurreikusitako deialdiak eta zenbatekoak: etxebizitzan, bi deialdi 33.000,00 euro; ingurumenean, hiru deialdi, 37.000,00 euro; merkataritzan bi deialdi, 43.000,00 euro; berdintasunean hiru deialdi 65.000,000 euro; euskeran zortzi deialdi 174.500,000 euro; gizarte zerbitzuetan, zortzi deialdi, 123.522,19 euro; hezkuntzan zazpi deialdi, 196.383,00 euro; gazterian deialdi bat, 8.500,000 euro; kirolean bost deialdi, 153.004,83 euro; eta kultura eta jaietan, zortzi deialdi, 136.145,50 euro.

 

Hernaniko alokairuko dirulaguntza ebazpena, argitaratuta

Hernaniko Udalari dagokionez, bederatzigarrenez, etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza bideratu du, eta hain zuzen ere, 186.000 euro bideratu ditu laguntza horietara.  

Udalak azaldu duenaren arabera, iaz 91 eskari jaso ziren alokairua ordaintzen laguntzeko, «horietako %42,85 36 urtez beherakoena. Jaitsi egin da Hernaniko Udalaren dirulaguntza eskatzen duten gazteen kopurua, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programako alokairu-laguntza jasotzen duten gazte hernaniarren kopurua igo da». 

2023ko alokairuko gastuak laguntzeko, behin-behineko ebazpena argitaratu du dagoeneko Udalak GAOn. Eta ondorioz, alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, otsailaren 29ra arte. Justifikazio agiriak erregistratzeko azkeneko eguna, aldiz, martxoaren 16a izango da. Ebazpena, udaletxeko arkupeko iragarki taulan, edota 'hernani.eus' atarian dago ikusgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!