Gaur hasiko dute igoera fasea Mundarroko eta Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Mundarroko mutilen talde nagusiak gaur hasiko du Euskal Ligarako igoera fasea.

Euskal Ligara igotzeko lehian ari dira astigartarrak, eta Gipuzkoako lehenengo mailara bueltatu nahi dute hernaniarrek.

Oso zaila bai, baina ezinezkoa ez. Halaxe begiratu dio Mundarroko mutilen talde nagusiak, aurten Euskal Ligara igoera lortzeari. Eta oraingoz, denboraldi polita osatzen ari dira Gipuzkoako lehenengo mailan. Bere multzoko lau onenen artean sailkatu ziren aurreneko fasean, eta igoera faseari ekingo diote gaur, beste zazpi talderekin. Ez daukate partidu erraza hasteko, aurreneko faseko talde onena izango baitute aurrean: Takeren kantxan ariko dira, Tolosako Usabal kiroldegian, arratsaldeko 14:00etan hasita. 

Igoera fasean, kontuan hartuko dituzte aurreneko faseko emaitzak, multzo berean aritu diren taldeen arteko partiduetan. Hori horrela, sei partidu dauzka jokatuta talde bakoitzak, eta horietatik hiru irabazi ditu Mundarrok. Beste zortzi partidu jokatu beharko ditu orain. Une honetan bosgarren dago sailkapenean, laugarrenarekin berdinduta; eta lau talde onenak sailkatuko dira azkeneko fasera, semifinalak jokatzeko. Azken fase horretako irabazleak lortuko du Euskal Ligako bigarren mailara igoera zuzena.

Gipuzkoako bigarren mailan, egoera berean dago Hernaniko mutilen taldea: lehenengo mailarako igoera fasea hasiko du gaur, 18:00etan, Mondragon Unibertsitatearen kantxan. Haien kasuan ere, zortzi talde ariko dira lehian, eta aurreneko faseko sei emaitza hartuko dira kontuan: bi irabazi ditu Hernanik, eta lau galdu. Lau onenen artean sailkatzea izango da helburua, azken fasea jokatzeko. Hori lortzeko, beste zortzi partidu dauzkate aurretik, fase honetan.

Mundarroko neska na­gusiek, berriz, 14garren jardunaldiko partidua jokatuko du bihar, Gipuzkoako lehenengo mailan. Arrasaten ariko da, 16:15etan Iturripe kiroldegian, Mondragon Unibertsitatearen kontra. Astigartarrek ia ezinezkoa daukate igoera fasera sailkatzea, baina jaitsiera postuak ere urruti dauzkate oraingoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!