Inauterietako azken bala, mozorroek eta kaldereroek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 00:00

Zahagi Dantza Goizuetako Zubi Haundian, astearte arratsaldean. Argazkia: Felix Loiarte

Kontuen Egunarekin borobilduko dituzte Karnabalak Goizuetan gaur, egun osoko festarekin; eta Kaldereroek emango diete azken agurra Inauteriei Astigarragan.

Hiru egunez atseden hartu eta etengabeko festaren ajea pasata, balantzea egiteko eguna izanen dute gaurkoa goizuetarrek, Karnabalei bukaera emateko. Kontuen Egunak borobilduko du lau eguneko jai giroa, mozorroen eskutik. Eguerdiko 12:30etan aterako dira kalera, Igandea txarangak girotuta, poteoa egitera. Bazkaria eginen dute ondoren, Karnabaletan bizitakoen inguruan kontu kontari aritzeko. Eta arratsaldeko 17:30etan aterako dira berriro kalejiran, txarangarekin batera. Gauean, gaztetxera mugituko dute festa, 'Tocan 2 la polla' kontzertuarekin.

Astigartarrek ere ez dute azkeneko hitza esan oraindik, aurtengo Inauteriei dagokienean. Herriko ohitura bitxiari jarraituz, Inauterien bukaera da Kaldereroen konpartsak iragarriko duena, gaur arratsaldean. Ergobiko plazatik abiatuko dira 17:30etan, eta kalejiran joango dira Joseba Barandiaran plazaraino, bidean hainbat geldialdi eginda. Ondoren, afari batekin borobilduko dute eguna, Zipotza elkartean.

Bi aste oso intentso izan dira azkeneko hauek Urumea bailaran, Aranoko Inauterietatik hasi eta gaurko agurrera arte. Hernaniarrek asteartean ehortzi zuten sardina, Plazan jende asko elkartuta, Inauteriak datorren urtera arte agurtzeko. Beste behin, bailara osoa hartu dute urteko festa koloretsuenek eta mota guztietako mozorroek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!